


IK4 Aliantza CEIT, CIDETEC, GAIKER, IDEKO, IKERLAN, TEKNIKER eta VICOMTech euskal teknologi zentroek osatzen dute, eta enpresen gaitasun berritzaile eta lehiakorra indartzen laguntzea du xede. Europako Batasuneko (EB) VII. Programa Markoan hiru proiektu zuzentzen ditu, zeintzuen aplikazio batzuk biozientzien alorrean erabiliko baitira, zehazkiago esanda, giza osasunaren arloan. Proiektu horiek LABONFOIL, NANOTHER eta POCO dira.
LABONFOIL proiektuan SmartBioPhone izeneko osagaia garatu nahi da: tresna horrek laborategi bat gehitzen dio mugikorrari txip batean, diagnostikoko arlo batzuetan erabiltzeko, hala nola osasunean (kolon minbiziaren eboluzioa), ingurumenean (klima aldaketaren aurrerapena) eta bide segurtasunean. Proiektuak 7,1 milioi euroko aurrekontua du eta 9 herrialdetako 15 bazkidek hartzen dute parte. Euskadiko parte-hartzaileen artean daude Mikroteknologien Ikerketa Kooperatiboko Zentroa, CIC microGUNE eta Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna eusko fundazioa, BIOEF.
Bestalde, NANOTHER proiektuaren xedea da hainbat nanopartikula polimeriko eta magnetiko sintetizatzea, zeintzuk gai baitira minbizia diagnostikatu eta tratatzeko medikamentuen eramaile gisa jarduteko. NANOTHER proiektuak EBren finantzaketa du (8 milioi eurotik gora esleitu dizkio). Zortzi bazkidek hartzen dute parte proiektuan, euren artean Euskadiko bazkide batzuek: Biozientzien Ikerketa Kooperatiboko Zentroa, CIC bioGUNE eta Pharmakine bioenpresa.
Azkenik, POCO proiektuaren helburua da material "konpositeak" eskuratzea propietate bereziak dituzten karbonozko nanohodien bidez, eta hainbat sektoretan aplika daitezke, hala nola, biomedikuntzan, automobilgintzan, aeronautikan, eraikuntzan edo energia eolikoan. 600.000 euroko itzulkinekin, proiektuak bederatzi herrialdetako 17 erakunde biltzen ditu, besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU).