

Science Alliance antolakunde holandarrak Bic Gipuzkoa Berrilan enpresa (enpresen sorrera sustatzeko arduraduna Gipuzkoan) saritu du enpresa berriak inkubatzeko duen gaitasunagatik. Gipuzkoako enpresa hau saritua izan da batez ere berak sustatutako enpresek izan duten hazkuntza azkarragatik eta enpresa horietan sortutako enpleguagatik.
Sari honi esker, Bic Gipuzkoa Berrilan Wallonia Spaxe Logistics edo Wales Digital Media Initiative bezalako enpresen aurretik jarri da. Gipuzkoako enpresako ordezkariek azaldu bezala, “sariak duela hiru urte instalazioak zabaltzeko hasi genuen lana aitortzen du, izan ere, lan horiei esker kualitatiboki hobetu baikenuen gure berritzeko gaitasuna”. Bic Berrilan enpresa 1993an sortu zen Gipuzkoako Berrikuntza Enpresen Zentro bezala.
Bic Gipuzkoa Berrilan Enpresa eta Berrikuntza Zentroen Euskal Sareko kide da eta SARETEK, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarean parte hartzen du Bizkaiko BEAZ-CEDEMI, Gipuzkoako Saiolan eta Arabako CEIA enpresekin batera. Konpainiak 23 enpresa biltzen ditu eta berauen esku jartzen ditu jarduera garatzeko behar dituzten aurrerakuntza guztiak.
Science Alliance jatorriz holandarra da eta 1997tik bitartekaritza lanak egiten ditu unibertsitate eta askotariko kanpo agenteen arteko komunikazioa sustatzeko, baita enpresa eta gizartearen artekoa ere.