

Bilbon egoitza duen Bial farmazia konpainia txertoen ekoizpenean eta alergologiaren alorreko ikerketan espezializatuta dago. Bial konpainia Europako FAST (Food Allergy Specific InmunoTherapy) proiektuan parte hartzen ari da janari-alergia larrien aurkako bi txerto garatzeko, zehazki bi hauek: arrosaren familiako fruta-alergia (melokotoia, gerezia, arana, udarea, sagarra, etab.) eta arrain-alergia.
Gaur egun, ez dago txerto eraginkorrik bi janari-alergia larri horiek tratatzeko, gainera, ez dira adinarekin desagertzen eta konplikazio handiak eragin ditzakete.
Europako Batasunaren VII. Programa Markoak finantzatutako proiektu honek 4 milioi euro inguruko aurrekontua du eta 10 herrialdetako 15 bazkidez osatutako partzuergo batek garatuko du, zeintzuen artean baitaude Academic Medical Center (Amsterdam), National University Hospital (Kopenhage) eta Hospital Clínico San Marcos (Madril).
FAST proiektuaren estrategia da alergeno birkonbinatzaileetan oinarritutako bi txerto bioteknologiko garatzea, eta horretarako, bertsio hipoalergenikoak lortzeko oinarrizko ikerketa eta II. faseko entsegu klinikoak (eraginkortasuneko esplorazioa) egingo dituzte. Proiektua 2014an amaituko omen da. Txerto bioteknologiko horien bidez, normalean erabiltzen diren janari-estraktuak ordezkatuko lirateke, zeren azken horiek eraginkorrak badira ere, kontrako efektuak sor baititzakete (erreakzio anafilaktikoa).
Arrosaren familiako frutak eragiten duen alergia sendatzeko txertoaren kasuan, proteina alergeniko nagusia (LTP edo Lipid transfer protein) mihipean administratuko da. Bigarren txertoaren kasuan, proteina alergeniko nagusia, parvalbúmina deiturikoa (arrain askotan dagoen proteina da, batez ere, bakailaoan), larruazalpean administratuko da.
Bial Porton egoitza duen Bial taldearen farmazia konpainia da, zeinak produktu farmazeutiko etikoak garatu, ekoitzi eta merkaturatzen baititu, arreta berezia jarriz nerbio-sistema zentraleko, kardiologiako eta immunogiako arlo terapeutikoetan.