• Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
Gobierno Vasco Spri 2008, berrikuntza urtea Euskadin
Irudi Apaingarria

Euskadik bioteknologiako munduko azokarik garrantzitsuenean parte hartuko du Biobasque Agentziaren eskutik

  • Sektoreko 14 euskal enpresek beren nobedadeak aurkeztuko dituzte BIO 2008 Azokan. San Diego (Kalifornia) hirian ekainaren 17tik 20ra egingo den azoka honek 25.000 lagun baino gehiago bilduko ditu.

  • BioBasque Agentziak garatze bidean dagoen euskal bioEskualdea aurkeztuko du; bioEskualdeak 70 enpresa inguru biltzen ditu eta 1.400 enplegu zuzen baino gehiago sortu ditu.

  • Hirugarren aldia da BioBasque Agentziak BIO Azokan parte hartzen duela.


Bioteknologiako euskal enpresen ordezkaritza batek (BioBasque Agentzia buru delarik) bere nobedadeak aurkeztuko ditu San Diegon (AEB) ekainaren 17tik 20ra egingo den BIO 2008-n. Azoka hori bioteknologiaren sektoreko nazioarteko topalekurik garrantzitsuena da. EAE Estatuko enpresen ordezkaritza handiena eramango duen bioeskualdea da, Kataluniaren atzetik. Ekitaldiak sektorearekin zerikusia duten 25.000 lagun baino gehiago biltzen ditu urtero.

BIO 2008n parte hartuko duten enpresekin batera euskal erakundeen ordezkaritza bat joango da, Eusko Jaurlaritzako Teknologia zuzendaria den Alberto Fernández eta BioBasque Agentziaren arduraduna den María Aguirre ordezkaritzaren buru izango direlarik. Era berean, ondoko hauek ere bertan izango dira: Eusko Jaurlaritzako Jarduera Ekintzaileen Sustapenerako zuzendaria, Imanol Aburto; Teknologi Parkeetako hainbat ordezkari, Julián Sánchez buru izango delarik; eta Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Sozietatearen (SPRI) eta enpresak inkubatzeko zentroen ordezkariak (BIC Gipuzkoa Berrilan-en zuzendaria den Marisa Arriola eta BIOKABI bioinkubatzailearen arduraduna den Fernando Bovedilla).

Hauexek dira sektorearen mundu mailako topaketa honetan egongo diren hamalau euskal bioenpresak: Abyntek Biopharma, Biobide, BTI, DRO Biosystems, Genetadi Biotech, Histocell, Innoprot, Midatech Biogune, Noraybio, Owl Genomics, Pharmakine, Progenika Biopharma, Proteomika, eta Vacunek. Euskal enpresa bakoitzak bere standa izango du euskal bioEskualdearen markoan. Bertan, euskal enpresek beren jarduera eta nobedadeak ezagutaraziko dituzte eta merkataritza hitzarmenak lortzeko aukera izango dute, aurreko urteko esperientzia arrakastatsuari jarraiki.

Aurreko edizioan (BIO 2007) eskuratutako lorpenik garrantzitsuenen artean, azpimarratzekoa da Progenika (Progenika Biopharma, Proteomika eta Abyntek Biopharma) eta Noray BG bioenpresa taldeen sorrera eta nazioarteko jardueren hazkundea.




Euskadi, garatze bidean dagoen bioEskualdea




Progenika Taldea, Noray BG edo BTI Biotechnology Institute EAEk garatze bidean dagoen sektore honetan duen dinamismoaren adibiderik onenak dira. Gaur egun, biozientzietako euskal sektorea 70 enpresez osatuta dago (hiru hilean behin enpresa berri bat sortzen da) eta horiek zuzeneko enplegua ematen diete 1.300 pertsonari. Bestalde, fakturazioak 300 milioi euroak gainditzen ditu. Sektore honen barruan merkatuan liderrak diren konpainien ordezkariak daude, adibidez, pertsonalizatutako medikuntza, bioinformatika edota inplantologia.

Horrela, biozientziek euskal sozioekonomiaren espazio garrantzitsu bat eskuratu dute, baita Estatu mailan ere non nabarmen gainditzen duten EAEri dagokion pisu erlatiboa. Izan ere, bioklusterraren hazkundearen ondorioz (batez ere osasunaren sektorean oinarritzen dena), EAEa bioEskualde txiki baina indartsu bilakatzen ari da, eta jardueren espezializazioan eta koordinazioan oinarritzen den berrikuntza sistema oso baten laguntza dauka.

Bestalde, euskal bioEskualdeak harreman estua dauka nazioarteko zientzialari elkartearekin sare globaletan aktiboki parte hartzearen bidez, adibidez, Human Proteome Organization (HUPO) ekimenean. Horrez gain, Europako lankidetza programetan ere parte hartzen du, adibidez, ERANETen; eta zuzeneko parte-hartzea dauka CEBR (Europako Bioeskualdeen Kontseilua) sarean edo EuropaBio bezalako erakundeetan.




BIO San Diegon izango diren euskal enpresak




Progenika Biopharma-k diagnostikoak egiteko bere lehen Zerbitzu Zentroa ireki du berriki Espainiatik kanpo, hain zuzen, Cambridge-n (Massachussets, AEBak). Instalazio hauek Federal Center for Medicare and Medicaid Services zentroaren ziurtagiria lortu dute.

Progenikak nazioartean arrakasta gehien duten diagnostiko genetikoak egiteko bere bi produktuak aurkeztuko ditu San Diegoko BIO azokan: Bloodchip eta Lipochip. Odol Transfusioen Nazioarteko Sozietateak (ISBT ingelesez) erreferentziazko erremintatzat jo du lehen produktua, hots, Bloodchip-a (odol-taldeen genotipoa aztertzen duen lehen testa. Test honek organo emaile-hartzaileen arteko bateragarritasuna areagotzen du transfusioen segurtasuna bermatuz). Bestetik, Arteriosklerosiaren Europako Sozietateak erremintarik erabilgarriena bezala izendatu du familia hiperkolesterolemiaren diagnostikoa egiten duen Lipochip-a. Lipochip-a Euskadin eta beste erkidego batzuetan erabiltzen da jada eta mundu mailan ere sustatzen ari dira Italia, Alemania eta Holandarekin sinatutako hitzarmenei esker. Europako beste herrialde batzuk ere produktu hori ezartzeko interesa agertu dute eta laster Asian eta Ekialde Ertainean merkaturatuko da.

Azkenik, industria farmazeutikoak Auguron-ekin (Harvard-eko spin off-a) berriki sinatutako hitzarmenarekiko agertu duen interesaren lekuko izango da San Diego. Hitzarmen horrek Progenikari ematen dio, bere Proteomika filialaren bitartez, NAPPA teknologia erabiltzeko esklusibitatea.

Noray BG taldea (Biosciences Group) bi enpresa biltzen ditu: Noraybio eta Histocell. San Diegoko nazioarteko azokan, Noray BG taldeak aukera izango du nazioarteko hitzarmenak eta bezero-kartera handitzeko, batez ere Ipar Amerikako eta Asiako merkatuetan. Noray Bioinformatics bioinformatikako enpresa bat da, biozientzien sektorerako irtenbide informatikoak (softwareak) diseinatu, garatu eta ezartzen dituena. Lau produktu lerro ditu, informazio biologikoaren kudeaketa barne. Gainera, berariazko software bat dauka ikerketarako, biobankuetarako, enpresa biofarmazeutikoentzako eta gizakien antzutasunaren tratamenduentzako.

Hain zuzen ere, enpresa honek San Diegoko azokara eramango du bere produktu nagusietako baten bertsio berria AEBetan aurkezteko: Noraymet Adme. Produktu honi esker aurreikusi daiteke medikamendu berriek zein eragin daukaten gizakiengan, animaliarik erabili gabe.

Bestetik, Histocell ehunen ingeniaritzan eta ordezkari biologikoetan espezializatutako bioteknologiako enpresa bat da, medikuntza birsortzaile eta konpontzailearentzako produktu berritzaileak garatzen dituena.

Owl Genomics Owl Genomics-ek biomarkatzaileen bilaketan oinarritutako aplikazio aitzindariak garatzen ditu medikuntza prebentiboaren alorrean. Horretarako, teknologiarik aurreratuenak erabiltzen ditu, teknologia metabolomiko berria barne. Diagnostiko goiztiarra eta aurreikuspena egiteko sistemen diseinua gibeleko gaixotasunei eta metabolikoei zuzenduta dago batez ere.

Bestetik, Owl Genomics enpresa diana terapeutikoen identifikazioan ere aritzen da. Jarduera hau gibelarekin eta sistema endokrinoarekin lotutako gaixotasun ezberdinei zuzenduta dago, ez baitago gaixotasun horien tratamendurako alternatiba egokirik.

BTI Biotechnology Institute biomedikuntzako eta bioteknologiako enpresa bat da. Enpresa honek ikerketa eta garapen jarduerak egiten ditu lau alor estrategikotan: ahoko inplanteak, birsorkuntzako terapia, biomaterialak eta informatika medikoa (beste alorrei laguntzen diena).

BTI erreferente bat da ehunen birsorkuntzaren alorrean. Nazioartean hedatuta dagoen enpresa honek ehunak birsortzeko hazkunde faktoreetan aberatsa den plasma erabiltzen du. AEBetako bulegoko arduradunek (Blue Bell, Filadelfia) aurkeztuko dituzte enpresaren nobedadeak eta lan lerroak BIO 2008 azokan.

Pharmakine-ek minbizia eta metastasiaren ikerketa aurreklinikoa eta klinikoa egiteko produktu eta teknologiak diseinatu, garatu eta merkaturatzen ditu (aurreikuspenak egiteko zerbitzuak barne). Bestetik, balio erantsi handiko zerbitzuak eskaintzen dizkie farmaziako enpresei (bezeroetako batzuk: Merck, Bayer, Wyeth, GE Healthcare edo Abbott Laboratories), enpresa bioteknologikoei eta osasun zentroei. Horrez gain, Pharmakine-k hiru molekula-familia ditu, minbiziaren eta metastasiaren aurrerapena blokeatzen dutenak.

Enpresak bazkideak aurkitu nahi ditu San Diegoko BIO azokan konposatu terapeutiko horiek garatzeko eta entsegu klinikoak egiteko

Biobide, enpresa bioteknologiko honek balizko medikamenduen garapenean parte hartzen du eta aditua da medikamenduen proba masiboak modu automatikoan egiten. Bere berezitasuna da ikuspuntu berritzaile batetik gauzatzen duela bere jarduera, esaterako, zebra-arraina erabiltzen du testak egiteko.

Innoprot EHUn sortutako start-up bioteknologikoa da. Enpresa honek medikamenduak garatzeko, eta zehazkiago ebaluatzeko, prozesuetan parte hartzen du, baina batez ere zelulekin egiten diren entseguen sorrera eta garapenean aritzen da. Innoprot-en xedea da ahalik eta azkarren eta modu eraginkorrenean identifikatzea etorkizunean medikamendu bilakatzeko aukera gehien dituzten osagai kimikoak.

Genetadi Biotech gizakiaren diagnostiko genetikoa egiteko erreminta berriak garatzen ditu ginekologia eta onkologia alorrentzat eta, batez ere, ondorengo patologiak lantzen ditu: antzutasuna, endometriosia eta endometrioko minbizia.

Berriki, zerbitzu eta produktu lerro berri bat merkaturatu du jaioberrien pediatriaren alorrean. Nobedade hauek San Diegon aurkeztuko ditu.

Midatech EAEn eta Ingalaterran egoitza daukan enpresa hau nanobioteknologiaren alorrean espezializaturik dago. Aditua da Nanocells izeneko nanopartikula biobateragarriak diseinatzen, sintetizatzen eta fabrikatzen. Enpresa gai da diagnostiko anitzak egiteko produktuak garatzeko, baita organismoaren leku zehatzetara iristeko gai diren aplikazio terapeutikoak sortzeko ere.

DRO Biosystems enpresa honek BIO 2008 azokan lortu nahi duen xede nagusia da bere teknologia propioa (SSB, Static Support Bed) merkaturatzea. Teknologia horrek osagai bioterapeutikoak ekoizteko prozesuak erabiltzen ditu sektore bioteknologikoaren eta biofarmazeutikoaren eskariari erantzuteko.

Teknologia horren aplikazio berrien garapenarekin batera, DRO Biosystems lanean ari da molekula terapeutiko bat ekoizteko (laguntzailekide inmunologikoa). Baliteke etorkizunean molekula berri hori gaixotasun birikoen eta tumoreen aurkako txertoak indartzeko gai izatea.

Vacunek Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuaren (Neiker-Tecnalia) spin off-ak aurrera jarraitzen du animali osasunaren merkatuan bioteknologiako produktu berritzaileak ezartzeko xedearekin. Produktu horiei esker animalien patogenoak antzeman daitezke. Produktu horiek abeltzaintzako sektoreei (untxi eta hegaztien sektoreak) zuzenduta daude batez ere eta kit moduan merkaturatzen dira teknika gauzatzeko beharrezkoak diren kontrol eta eragile guztiekin batera. BIO 2008 nazioarteko azokan oso indartsuak diren hainbat produktu aurkeztuko dira, besteak beste: AberpestiAR-VK (behien beherako birusa, border gaixotasunaren birusa edota txerri-izurri klasikoaren birusa antzemateko produktua); MyxunAR-VK (untxiaren mixomatosiaren birusa); ParaTBKuanti-VK (behi, ardi eta ahuntzen paratuberkulosia); eta Hegazin-VK (A motako hegazti gripearen birusa eta H5/H7 azpimotak).