


DRO Biosystems euskal enpresak substantzia bioterapeutikoak ekoizteko teknologia eta prozesuak garatzen ditu, eta joan den ekainean San Diegon (AEB) antolatutako Bio 2008 azokan izan zen, bere bi negozio ildoak aurkezteko: alde batetik, substantzia bioterapeutikoak ekoizteko prozesuen garapen zerbitzua eta, bestetik, SSB teknologia (Static Support Bed), bai biofarmakoak ekoizteko prozesuaren etapa desberdinetan aplikatzeko, eta baita ere zelula terapien ekoizpenean aplikatzeko.
Hain zuzen ere, zelulen hazkuntzarako teknologiaren azken aplikazio hau da interes gehien piztu duena zelula terapiaren merkatuan aritzen diren enpresen artean. Enpresa hauek kuota handia daukate zelulen hazkuntzarako gailuen merkatuan, eta besteak beste, Millipore Corporation-ek, interesa agertu du SSB teknologia erosi eta bere produktuetan sartzeko.
San Diegon antolatutako konbentzioan 15 euskal enpresek hartu zuten parte, BioBasque Agentzia buru zela, eta euskal bioEskualdea osatzen duten 70 bat antolakunderen ordezkari izan dira.
2005ean sortua, DRO Biosystems substantzia bioterapeutikoak ekoizteko teknologia eta prozesuen garapenean espezializatuta dago, eta bioteknologiaren eta biofarmaziaren sektoreen eskariari erantzuten dio. GMP baldintzetan ekoizteko prozesuen garapena eta teknologiaren lizentzia dira bere negozio ildo nagusiak.
Urtero milioi bat euro inguru fakturatzen ditu eta 46 herrialdetan babestutako teknologia dauka. Martxan dauzkan proiektu nabarmenenak dira SSB teknologiaren aplikazioak garatzea eta birusek eta tumoreek sortutako gaixotasunen aurkako txertoak indartu ditzakeen molekula terapeutiko baten ekoizpen prozesua gauzatzea.