• Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
Gobierno Vasco Spri 2008, berrikuntza urtea Euskadin
Irudi Apaingarria

Euskal bioeskualdeak bere nazioarteko proiekzioa sendotu du San Diegon antolatutako BIO 2008 azokan

Euskal bioeskualdeak bere nazioarteko proiekzioa sendotu zuen sektoreak joan zen ekainean mundu mailan izan duen biltzarrik handienean parte hartuz. San Diegoko (Estatu Batuak) BIO 2008 azokan parte hartu zuten bioteknologiako 15 euskal enpresak BioBasque Agentziaren zuzendaritzapean izan ziren bertan eta aukera izan zuten hainbat merkataritza hitzarmen lortzeko, mundu guztiko enpresekin harremanetan jartzeko eta etorkizuneko negozioen oinarriak finkatzeko, baita multinazional farmazeutiko handiekin ere.

Euskal bioenpresek bigarren aldiz jarraian parte hartu dute biltzar honetan eta dagoeneko finkatuta zeuden loturak indartzeaz gainera, zubi berriak eraiki zituzten etorkizunean lankidetzan aritzeko Europako eta Ameriketako enpresekin. María Aguirre da BioBasque Agentziako arduraduna eta nabarmendu du “Euskal bioeskualdearen nazioarteko garrantzia hazten ari dela, baina agian azpimarratu behar dena dela enpresak emaitza gero eta hobeak lortzen ari direla gero eta gehiago nabarmentzen ari direlako eta bezero, bazkide eta banatzaileekiko harremanak indartu dituztelako”.

BIO 2008 azokaren baitan, Genetadi Biotech-ek bi hitzarmen itxi zituen Frantzia eta Alemaniako bezeroekin eta gainera, kontaktu garrantzitsuak egin ditu etorkizunera begira. Vacunek-en lanak Europako pare bat enpresaren arreta erakarri du eta lankidetza bide posible bat ireki da Mexikoko laborategi batekin.

Bere aldetik, Grupo Noray BG taldeak (NorayBio eta Histocell enpresek osatua) 10 kontaktu berri lortu zituen, bai euren produktuak nazioartean zabaltzen dituzten banatzaileekin eta baita ere NorayBio eta Histocell-entzako bezero zuzenekin. Talde honek Bizkaiko Teknologi Parkean dauka egoitza eta San Diegon zeuden bitartean negoziazioak hasi zituen Asia hego-ekialdeko eta Estatu Batuetako enpresekin, etorkizunean akordioren bat lortu ahal izateko.

DRO Biosystems-ek Kalifornian egindako biltzarrean bere bi negozio ildoak aurkeztu zituen: alde batetik, substantzia bioterapeutikoak ekoizteko prozesuen garapen zerbitzua eta, bestetik, SSB teknologia (Static Support Bed), bai biofarmakoak ekoizteko prozesuaren etapa desberdinetan aplikatzeko, eta baita ere zelula terapien ekoizpenean aplikatzeko. Hain zuzen ere, zelulak hazteko teknologiaren azken aplikazio hau da interes gehien piztu duena zelula terapiaren merkatuan aritzen diren enpresen artean. Hauetako batzuk interesa azaldu dute SSB teknologia erosi eta bere produktuetan sartzeko. Bestalde, Pharmakine-ren standak hainbat nazioarteko ordezkariren interesa piztu zuen, euren produktua Europan zabaldu eta Estatu Batuetara iritsarazi nahi baitute.

BIO 2008ra bertaratu ziren gainerako euskal enpresek ere aurrerapen garrantzitsuak egin zituzten. Abyntek Biopharma, Progenika, Proteomika, Biobide, Midatech, Owl Genomics, BTI Biotechnology Institute, Innoprot eta MD Renal-ek kontaktu kopuru polita egin dute maila desberdinetan: nazio barneko eta nazioarteko bezeroak, bazkideak eta lehiatzaileak.

BioBasque Agentziako arduradunaren esanetan, balorazioa “oso positiboa” izan da “bigarren urtez jarraian euskal presentzia ugaria izan baita bioteknologiaren nazioarteko azoka garrantzitsuenean”. Azaldu du baita ere San Diegon izan diren 15 enpresek une oro laguntza instituzional handia izan dutela.