


Euskal Bioeskualdeak nazioarteko harremanen sarea indartu du maiatzaren 18 eta 21 bitartean BIO 2009n, hots, bizitza-zientzien sektoreko munduko topaketarik garrantzitsuenean parte hartu ondoren. Bioteknologiaren sektoreko hamaika euskal enpresatako ordezkariek parte hartu zuten Atlantan (Estatu Batuetan) antolatutako azokan, BioBasque Agentzia buru zutela. Eta han zeudela aprobetxatu zuten beren jarduera ezagutzera emateko, nobedadeak aurkezteko, hitzaldiak eskaintzeko eta nazioarteko merkataritza harremanak egiteko.
BIO 2009n izan ziren hamaika euskal bioenpresek -BIO 2009n, Bioftalmik, Dro Biosystems, Genetadi Biotech, Ikerchem, Innoprot, Owl Genomics, Pharmakine eta Progenika Taldea (Progenika Biopharma, Proteomika eta Abyntek Biopharma)-Atlantara eginiko bisita aprobetxatu zuten euren harreman agenda zabaltzeko, etorkizuneko merkataritza akordioei bideak irekitzeko eta nazioarteko ikusgarritasuna handitzeko.
Adibidez, Biobide enpresak elkarrizketak izan zituen farmaziaren industrian lider diren hamar multinazionalekin, eta Pharmakine harremanetan jarri zen Kanadako enpresa batekin, AEBetan eta Kanadan bere zerbitzuen banaketa kanal bat irekitzeko. Bestalde, OWL Genomics enpresak ofizialki aurkeztu zuen ‘OWL Liver’ bere produktu berria, eta Ikerchem enpresak negoziazioak hasi zituen enpresa asiar batekin, zeinak interesa baitauka molekulen diseinu eta sintesian, Gipuzkoako enpresaren espezialitatean hain zuzen. Lau enpresa hauek hitzaldiak ere eskaini zituzten topaketan, euren jarduera ezagutzera emateko.
Gainera, Bioftalmik, Dro Biosystems, Genetadi Biotech eta Innoprot enpresek Atlantan eginiko egonaldia aprobetxatu zuten euren merkataritza katalogoetako nobedaderik berrienak aurkezteko, nazioarteko harreman sarea zabaltzeko eta elkarrizketak edukitzeko bezero edo aliatu izan daitezkeenekin. Azkenik, Progenika Taldeak aliantza estrategikoak egin zituen proiektuak elkarlanean egiteko, eta baita ere taldeko enpresek biomedikuntzaren arlo desberdinetan garatutako teknologiak inplementatzeko.