


Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Eusko Fundazioak (BIOEF) joan den ekainaren 15ean koordinatu zuen ikerketa klinikoa, biosanitarioa eta ospitaleetako ikerketa kudeatzen duten erakundeen laugarren bilera. Topaketa Sondikan izan zen, Bizkaian. Sare honetan parte har dezakete fundazioek, institutuek eta biomedikuntzari buruzko ikerketa kudeatzen duten bestelako antolakundeek. Gaur egun, sarearen helbururik garrantzitsuena da ezagutzaren transferentzia eta kudeaketa jorratzea osasungintzaren arloan.
Datozen hilabeteetan, erakunde horiek barneko lan-taldeak sortuko dituzte osasungintzako ikerketaren kudeaketak dakartzan zailtasun nagusiak aztertzeko: langileak kontratatzea, ikerkuntza karrera, diru-laguntzen justifikazioa, auditoriak, zerbitzuen fakturazioa eta beste hainbat.
Besteak beste, bileran landutako gai nagusietako bat izan zen teknologia transferentziaren plangintzarekin lotutako alderdi tekniko eta legalen analisia. Horrez gain, sarea nortasun juridiko propioko elkarte bihurtuko duen prozesua eguneratu zuten eta urriaren amaiera alderako amaitzea espero da.
Gaur egun, sarean hogeita hamar zentro baino gehiago daude eta nagusiki helburu hau lortzeko lanean ari dira: ikerketaren emaitzak praktika klinikoan erabiltzen diren aplikazio bihurtzeko prozesua azkartu eta erraztea. Horretarako, eztabaida foro bat sortzeaz gain, laguntza arlo desberdinetan lan egiten da (prestakuntzazko izaera edo izaera arauemailea dutenak). Halaber, koordinazio eta lankidetza arloak ere jorratzen dira, beti ere osasungintzako eta legegintzako sistema anitzak oinarri hartuta.
Azken helburua da herritarrei osasun laguntza hobea eskaintzea eredu ekonomiko iraunkor baten barruan, eta helburu hori lortzeko, duela urte batzuetatik, ezinbesteko bihurtu da balioa ematea ospitaleetako aktibo propioei eta bertan garatutako ikerketari. Euskadin, gizartearen zerbitzura emandako bilakaera horren adibide dira BIOEF sortu izana eta geroago baita ere biobankuaren sorkuntza edo osasun institutuen alde egindako apustua (BioDonostia eta BioCruces).
Teknologiaren transferentziari dagokionean, BIO Fundazioak lege-eskumenak lortu ditu Osakidetzako langileen jabetza intelektualaren eta patenteen eskubideak tramitatzeko eta horien emaitzak ustiatzeko, eta orain arte, hamar ikerketa proiektu ingururen emaitzak kudeatu ditu, gehienak EHUrekin eta Euskadiko zentro teknologiko zein enpresa bioteknologikoekin lankidetzan eginak.