

Bizkaiko Teknologi Parkeko 502 eraikin berria biozientzien elkargune bihurtu da. Azken hilabeteotan, lau bioenpresek (Owl Genomics, Innoprot, Idoki eta Genetadi Biotech) eta CIC bioGUNEko genomak aztertzeko plataforma teknologikoak eraikin berri horretara eraman dituzte beren egoitzak, eta horrek argi erakusten du sektorea hazi egin dela.
Gibeleko gaitzak diagnostikatzeko biomarkatzaileen garapenera aplikatutako metabolomikaren esparruan espezializatuta dagoen Owl Genomics enpresak Teknologi Parkeko 801 eraikina utzi du eta instalazio berrietara joan da (500 metro karratu dituzte, horietatik 170 baino gehiago ekipoen areto berri baterako dira eta beste berrogei metro karratu laginak prestatzeko laborategi baterako). Hain zuzen, owl liver, in vitro diagnostikatzeko lehen produktua merkaturatu dutenean estreinatu dituzte instalazio berriak.
Genetadi Biotech enpresa ere, orain arte Teknologi Parkeko Biokabi bioinkubagailuan egon dena, instalazio berrietan kokatuko da. Genetadi Biotech enpresak ginekologiarako, pediatriarako eta onkologiarako giza diagnostiko genetikoak egiteko zerbitzu eta test berriak garatzen ditu. Orain 400 metro karratu baino gehiagoko I+G+b-ko laborategiak ditu eta genomika, transkriptomika, proteomika eta metabolikako ekipamenduak ere bai. Konpainiaren lehentasunezko xedeetako bat da zerbitzu analitikoen eskaintza sustatzea bi alor hauetan: biomarkatzaile ez inbaditzaileak identifikatzea ginekologiako gaixotasunetan, eta proteina eta metabolitoen kuantifikazio analitikoa egitea pediatriako gaixotasunetan.
Innoprot eta Idoki enpresek ere Euskal Herriko Unibertsitatearen Zitek inkubagailua utzi eta instalazio berrietara joan dira, hazi egin direlako.
Innoprot enpresak zeluletan oinarritutako saiakuntza kit-ak garatzen ditu sendagaien azterketa preklinikorako. Enpresa urrian joan da eraikin berrira. Instalazioetan daude segurtasun biologikoko bi laborategi P-2, biologia molekularreko eta mikrobiologiako laborategiak eta hazkuntza zelularreko automatizazioko eta irudien lorpen eta tratamenduko punta-puntako teknologia duen screening-eko laborategi bat. Instalazio berri honi esker, konpainiak posizio lehiakorra erdietsiko du High Content Screening-eko merkatuan.
Idoki enpresak produktu eta prozesu berriak garatzen ditu jariakin superkritikoen teknologien bidez. Idokik 350 metro karratu ditu 502 eraikinean eta, beraz, esparru handi bat du enpresaren negozio lerroen beharretara egokitzen diren laborategi zentralentzat. Besteak beste, Idokik matrize solido eta likidoentzako fabrika pilotuak ditu jariakin superkritikoaren erauzketako laborategietan.
Lau enpresa horiek 502 eraikinean egongo dira CIC bioGUNEren genomen azterketako plataforma berriarekin batera. Azken horrek genotipatuaren errendimendu handiko teknologiak ditu, eta baita ere adierazpen geniko diferentziala, errendimendu handiko metilazioa eta sekuentziazioa eta datuak gorde eta aztertzeko gaitasuna.
Ana María Aransayk zuzentzen duen plataforma horrek zerbitzuak eskaintzen dizkie ikertzaile guztiei eta dagoeneko lankidetzak sinatu ditu ospitaleetako ikerketa taldeekin (Gurutzetako Ospitalea eta Bizkaiko
Basurto Ospitalea, Asturiasko Ospitale Unibertsitarioa), unibertsitateekin (EHU/UPV Euskal Herriko Unibertsitatea, eta Tenerifeko La Lagunako Unibertsitatea), enpresekin (OWL Genomics, Pharmakine) eta beste zentro eta instituzio batzuekin, hala nola, BIOEF Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna eusko fundazioarekin edo Center on Cognition Brain and Language-kin (BCBL).
Aurki, CIC bioGUNEko Proteomika Unitateko Jokin Castillak zuzenduko duen 1. Laborategia ere instalatuko da eraikinean eta laborategi horretan prioiak aztertuko dira.