


Biofisika Bizkaia Fundazioko kidea den Diego Guerin doktorea CYTED (http://www.cyted.org) antolakundeak finantzatutako asmo handiko proiektu bat zuzentzen ari da. Proiektua RedTrV deitzen da eta bertan parte hartzen dute Latinoamerika eta Europako 16 herrialdetako ikertzaileek. Proiektuaren asmoa da Triatoma (TrV) izeneko birusa erabiltzea intsektu triatominoak (zimitzak) biologikoki kontrolatzeko agente bezala. Intsektu horiek transmititzen diete gizaki eta animaliei T. cruzi parasitoa, hots, Chagas gaixotasuna eragiten duen protozoo bat. Gaixotasun hori malariaren antzekoa da, eta milioika pertsonari eragiten die Latinoamerikako 21 herrialdetan.
RedTrV proiektua 29 ikerketa taldek osatzen dute –euren artean Parisko Pasteur Institutua–. Espezializatuta daude medikuntzan, entomologian eta birologian, eta adituak dira Chagas arloan, beste gaixotasun tropikal batzuetan, biologia estrukturalean, eta abarretan. Praxis Pharmaceuticals euskal enpresa, biopestizida garatzen diharduena, Proiektuko partaidea da.
TrV birusa Dicistroviridae familiakoa da, triatominoen etsai naturala da eta Argentinan aurkitu zuten lehen aldiz T.infestans espeziean. TrV birusarekin eginiko ikerketen bitartez jakin zen bide transobarikoa, kanibalismoa eta koprofagia direla bere transmisio bideak, eta infekzioak intsektuen garapena atzeratzen duela, arrautza gutxiago errunarazten dizkiela eta goizik hilarazten. Halaber ikusi zen, Chagas gaitza zuten gizakiek (T. cruzi birusarekin kutsatutakoek) ez zutela antigorputzik sortu TrV birusaren aurka, eta beraz birusa ez zela patogenoa gizakientzat. Datu horietatik abiaturik sortu zen esku-artean dugun hipotesia, hots, TrV agente bezala erabiltzea Chagas transmititzen duten triatominoak biologikoki kontrolatzeko.
Diego Guerin UPV/EHUko irakaslea ere bada eta Biofisika Unitatean (CSIC-UPV/EHU) ikertzen du Proteina eta Birusen Kristalografia taldearen buru bezala. Laborategi horrek X izpien teknika erabiltzen du proteinak maila atomikoan ezagutzeko.