


Oftalmologian espezializatuta dagoen bioteknologiako Bioftalmik euskal enpresak gutxiegitasun linbikoa antzemateko diagnostiko ez inbaditzailearen sistema molekular berritzaile bat patentatu berri du. Gutxiegitasun linbikoa begietako patologia bat da. Patologia horrek kornearen gardentasunaren galera dakar eta, kornearen erdiguneari eragiten badio, ikusmen-zolitasuna murriztu edo ikusmena gal daiteke.
Tradizionalki, gutxiegitasun linbikoaren diagnostikoa inpresiozko zitologiaren bidez egin izan da; hala, kaliza-itxurako zelula batzuk azaltzen badira kornearen azaleran, horrek gutxiegitasun linbikoa dagoela esan nahi du. Bioftalmik enpresak garatutako sistema berri honek izaera molekularra du eta, beraz, ohiko inpresiozko zitologia baino sentikorragoa eta espezifikoagoa da. Izan ere, sistema berri honen bidez, diagnostiko fidagarri bat egin daiteke eta, erabaki kirurgikoak hartzerakoan lagungarri izan daiteke, esaterako, kornea eta linbo transplanteak lortzeko pertsona egokiak aukeratzerakoan. Lau hilabetean, metodo horren bidez, informazio gehiago eskura liteke gutxiegitasun linbikoaren larritasun mailaren inguruan.
Diagnostiko ez inbaditzailearen sistemak garatzeko, Bioftalmik material genetiko eta proteikoaren erauzketan espezializatu da, ohiko inpresiozko zitologiatik abiatuta. Inpresiozko zitologia teknika histokimiko ez inbaditzailea da eta, zitologia horren bidez, begi azalerako epitelioaren kanpoko geruza bat edo bi jaso daitezke. Lagin horiek jasotzeko, begi azaleran jartzen diren mintz espezifikoak erabiltzen dira, presio arin bat eginda. Ohiko zitologian, mintzei atxikitako zelula horiek tindatu egiten dira eta mikroskopiopean aztertzen dira. Bioftalmik enpresak garatutako sisteman, berriz, itsatsitako zelula epitelial konjuntibalen eta kornealen material genetikoa lortzeko tresna gisa erabiltzen da inpresiozko zitologia.
Gaur egun, Bioftalmik enpresak diagnostikorako zerbitzu hori eskaintzen du eta diagnostikorako kit bat garatzen ari da, beste laborategi batzuek beren balorazioak egin ditzaten. Kit hori 2010. urte amaieran merkaturatzea aurreikusten da.
Bioftalmik-ek Espainiako Oftalmologia Sozietatearen 85. Biltzarrean aurkeztu zuen gutxiegitasun linbikoa diagnostikatzeko sistema berria. Biltzar hori Santanderren egin zen irailaren 23 eta 26 bitartean