


Bioftalmik euskal enpresak ikerketa oftalmologikoko munduko topaketa nagusian hartuko du parte, maiatzaren 3 eta 6 bitartean, Floridan (AEB) ospatu den ARVO 2010en, hain zuzen ere. Kongresuan eremu horretan egin diren azken aurkikuntzak eta haiei datozen urteetan eman ahal izango zaizkien erabilerak aztertu dira.
Are zehatzago, Iker Garcia Bioftalmikeko ikertzaileak “RT-PCR bidezko gutxiegitasun linbikoaren diagnosi molekularra: Kornearen epitelioan transkribatutako MUC5AC muzinaren hautematea” posterra aurkeztu du. Gurutzetako Ospitaleak eta Donostia Ospitaleak ere hartu dute parte lan horretan.
Bioftalmikek beste ikerketa batean ere hartu du parte, oraingoan CIC bioGUNE rekin elkarlanean, eta Naiara Nieto de Rementariak aurkeztu du hauxe. “Epitelio ziliar pigmentatuaren giza zelulen anhidrasa karbonikoen jarduera entzimatikoaren adierazpena eta erregulazioa” ikerketa, hain zuzen ere.
Bestetik, Donostia Ospitaleko Cristina Irigoyenek “Kristalinoaren zati disolbagarriaren azterketa hainbat motatako kataratetan” posterra aurkeztu du, zeinetan Bioftalmikek parte hartu duen.
Euskal enpresak burutzen dituen ikerketen adibideak dira hirurak. Enpresako ikerketa eta garapeneko taldeak bi plataforma berri sortu eta balioztatu ditu, erasokorrak ez direnak, material proteikoa zein genetikoa ateratzeko eta aztertzeko (Malkoa Aztertzeko Plataforma - PAL eta Inpresio bidezko Zitologia). Plataforma hauen bitartez, gutxiegitasun linbikoa, glaukoma, begi lehorra, blefaritisa eta haurren alergia, besteak beste, diagnostikatzeko produktuak garatzea ahalbidetzen duten biomarkagailuak ateratzen eta balioztatzen dira. Gaur egun, adierazpen genikoan gertatzen diren aldaketetan oinarritutako glaukomaren kirurgia ondo edo gaizki aterako den aurreikusteko sistema ari da garatzen Bioftalmik.
2010ean, Haurren Begiko Alergia gaixotasunak diagnostikatzeko hiru sistema berri patentatu nahi ditu Bioftalmikek, eta ikerketa lan honen zerbitzuak eta produktu eratorriak ere garatzen dihardu gainera. Era berean, ikerlari gehiago hartuko ditu, 20 langilera iritsi arte, eta 600 m2-ko instalazioak irekiko ditu Bizkaiko Parke Teknologikoa.
2009an, Bioftalmikek Gutxiegitasun Linbikoa erasorik gabe diagnostikatzeko lehen patentea(IL) garatu zuen eta hura osasun zentroetan eta analisi klimikoak egiten dituzten laborategietan zuzenean egiteko salduko den kita ari da garatzen.