


European Synchrotron Radiation Facility-k (ESRF) BAG Allocation Group bat eman dio CIC bioGUNE-ren Biologia Estrukturalaren Unitateari, Kantabriako Unibertsitatearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Biofisika Unitatearekin lankidetzan. Horrek esan nahi du finantzaketa eman diola, sei hilabetez makromolekula biologikoen X izpien difrakziozko neurketak egiteko.
Grenoblen (Frantzia) finkatuta dagoen ESRF (www.esrf.eu) nazioarteko erakundea 19 herrialdek finantzatzen dute, eta Europako sinkrotroi erradiazio iturri handiena ostatatzen du. Urtean, 6.000 zientzialari baino gehiago hurbiltzen dira bertara. ESRF erakundeak finantzaketa publikoa jasotzen duenez, ikerketa taldeek doan erabil ditzakete instalazioak, betiere zientzia-batzordearen onarpenarekin.
Hauek dira Kantabriako Unibertsitateko, UPV/EHUko edo CIC bioGUNEko Biologia Estrukturalaren Unitateko kristalografoek egiten dituzten esperimentuak: energia altuko X izpi-sorta bat (gutxi gorabehera amstrong bateko uhin-luzerarekin) bideratzen dute proteinazko kristal baten gainera, horrela, sortzen den difrakziozko espektroan oinarrituta, makromolekula horien egitura tridimentsionala zehazteko.
Biologia Estrukturaleko laborategietan normalean egoten diren x izpien instalazioekin alderatuta, sinkrotroi erradiazioak duen ezaugarri nagusia da erabiltzen den argi-sorta horren energia erregulatzea ahalbidetzen duela eta, gainera, askoz ere biziagoa eta diametro txikiagokoa dela.
Oro har, ezaugarri horiei esker, bereizmen handiko datuak lor daitezke proteinen egitura tridimentsionalean, eta behin hori ezagututa, bere funtzio biologikoa ondorioztatu daiteke.