


Biolan Microbiosensores euskal bioenpresak biosentsore berri bat garatu du, zeinak berehala eta erraz antzeman baitezake azido glukonikorik dagoen muztioan: ardoaren kalitatea txartzen duen hartzigarri kaltegarri bat. Azido horrek Botrytis cinerea onddoan du bere jatorria, zeinak mahats-mordoak kaltetzen baititu mahatsa biltzerakoan eta heltzerakoan, eta horrek ardoaren kalitatea markatzen du, izan ere, ardo onenetan elementu hori ez da antzematen, edo oso proportzio baxuan azaltzen da.
Biolan Microbiosensores enpresak garatutako biosentsoreak hiru funtsezko abantaila ditu, produktu erakargarri bihurtzen dutenak merkatuan: erabiltzeko erraza da, denbora errealean neurtu daiteke, eta arrazoizko prezioa du (3.000 euro inguru), batez ere, kontuan izanda orain arte upeltegi gehienetan azido hori antzemateko metodoak 35.000 eta 65.000 euro bitartean kostatzen zirela.
Biosentsoreak funtsezko hiru faktore biltzen ditu: prezioa, erabilgarritasuna, eta berehalakotasuna. Horiei esker, bide interesgarria irekitzen da upeltegi guztientzat, hartara, Biolan Microbiosensores–en produktuari esker, euren mahatsak Botrytis cinerea onddoak kaltetuta dauden ala ez jakingo dute. Nahikoa izango da mahats-mordo batzuk prentsatzea, muztioaren lagin txiki bat lortzeko, eta hiru minututan Biolanen biosentsoreak azido glukonikoa dagoen ala ez, eta hori zein mailatan dagoen zehaztuko du.
Produktua ardoen ziurtagiri-laborategietara eta upeltegietara zuzenduta dago nagusiki; une honetan, Arabako Errioxan eta estatu osoan merkaturatzen da, baina Biolan Microbiosensores enpresaren asmoa nazioartekotzen hastea da eta produktua Frantziako ardo-azoka desberdinetan aurkeztea.
Biolan Microbiosensores oinarri teknologikoa duen enpresa bat da, Bizkaiko Teknologi Parkean du bere egoitza, eta biosentsoreak garatu, fabrikatu eta merkaturatzen ditu Nekazaritzako Elikagaien, Farmaziaren edo Nekazaritzaren industriarako.