


Espainia, Portugal eta Frantziako upeltegi ospetsuek Biolan enpresak garatutako biosentsorea erabili dute modu zehatz, ekonomiko eta sinplean jakiteko nolakoa den azken mahats-bilketako mahatsaren osasuna. Abendutik aurrera, sentsorea mahats-bilketan erabiliko da Amerikako Hego Konoan.
Biolan enpresaren biosentsorea gai da mahats bildu berriaren azido glukoniko maila zein den esateko, eta horrek oso informazio garrantzitsua ematen die enologoei upeltegian modu fidagarriagoan eta arrazoizko prezioan lan egiteko. Horregatik, hainbat jatorri-deituratako upeltegiek biosentsorea erabili dute mahats bilketan.
Espainian, besteak beste, Rioja, Penedés, Priorato, Jerez edo Cariñena bezalako jatorri-deiturako ardoak dituzten upeltegi hauek erabili dute biosentsorea: Codorniù Juve i Camps, CVNE, Solagüen, Barbadillo, Torres, Domecq edo Grandes Vinos eta Viñedos. Frantziako upeltegiek, Moët Chandon-ek, esaterako, edo Portugalekoek, hala nola, Lurton-ek (Oporto) biosentsore berri hau ezagutzeko interesa agertu dute.
Bestalde, Biolan-ek akordio bat itxi du Txilen produktu enologikoak banatzen dituen enpresa garrantzitsu batekin, biosentsorea eta euskal konpainiaren etorkizuneko garapenak merkaturatzeko herrialde horretan. Datozen asteetan, Biolan-ek antzeko akordioak itxiko ditu bere produktua banatzeko Argentina eta Uruguain, non ardoak garrantzi handia baitu.
Akordio horiek guztiak Biolan-eko ikertzaileek I+G-n eginiko lanaren emaitza dira, zeintzuk biosentsore berri bat amaitzen ari baitira azido malikoa neurtzeko. Biosentsore berri hori urte honen amaieran merkaturatuko omen da.
Biolan 2006ko irailean sortu zen analisirako tresna berritzaileak garatzeko eta, tresna horien bidez, parametro ugari modu azkar, erraz eta fidagarrian zehazteko; eta horretarako, Bioteknologia eta Mikroelektronikaren alorretan emandako azken aurrerakuntzetan eta ikerketetan oinarritzen da. Biolan-ek neurketako biosentsoreak ikertu, garatu, fabrikatu eta merkaturatzen ditu nekazaritzako elikagaien eta farmaziaren industriarako.
Biolan enpresa indartu egin da orain dela gutxi bazkide berriak sartu direlako, hala nola, Orza, Euskadiko Arrisku-Kapitalaren Sozietatea, edo, Panda Software-ko enpresari eta fundatzailea den Mikel Urizarbarrena.