• Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
  • BioBasqueeko erabiltzaileak
Gobierno Vasco Spri
Irudi Apaingarria

Alzheimerrari lotutako hiru gene berri identifikatu dituzte

Urriak 7, 2009

Marian Martínez de Pancorbo
Marian Martínez de Pancorbo,
UPV/EHUko Biomics ikertzailea

Nazioarteko bi ikertzaile-taldek Alzheimerrari lotutako hiru gene berri identifikatu dituzte. Talde horietako batean Euskal Herriko Unibertsitateko Biomics taldeak parte hartu du. Aurkikuntzak pazienteen %20ari eragiten dio eta, 1993an APOE genearen (diagnostikatutako Alzheimer kasuen %25aren erantzulea) aldaera bat identifikatu zenetik, azken 15 urteotako aurrerapen garrantzitsuenetako bat dela esan da. Hiru gene horien aldaera batzuk izateak Alzheimerra pairatzeko aukerak handitzen ditu.

Cardiff-eko Unibertsitateak (Erresuma Batua) zuzendutako taldeak 8 herrialdetako 16.000 pazienteren laginak aztertu zituen eta azterketari esker CLU eta PICALM geneak identifikatu ziren. Pasteur de Lille Institutuak (Frantzia) koordinatutako bigarren taldeak 5 herrialdetako 6.000 pazienteren lagin eta 9.000 kontrol osasuntsu aztertu zituen eta hirugarren gene bat identifikatu zuen, CR1 deiturikoa.
UPV/EHUko Biomics taldeak bigarren talde horretan hartu du parte. Marian Martínez de Pancorbo doktorea da Biomics taldeko ikertzaile nagusia.

Biomics Arabako Campuseko Ikerketa eta Ikasketa Aurreratuen Zentroan dago eta, besteak beste, genetika eta neuroendekapenaren alorretako ikerketak egiten ditu. UPV/EHUko ordezkariek esan zutenez, bere esperientzia “erabakigarria izan zen proiektu horren buru diren zientzialari frantsesek, Amouyel eta Lambert doktoreak, genoma osoaren azterketa egiteko proiektura gonbida zezaten”.

Bi ikerketa horiek Nature Genetics-en argitaratu dira, genetikaren alorreko aldizkari zientifiko garrantzitsuenean. Aurrera jarraitzen du Alzheimerraren “kausa genetikoak identifikatzeko bilaketak”, baina zientzialariek uste dute gene horiekin elkarreragin ahal izateak ateak irekiko dituela tratamendu farmakologikoetarako, terapeutikoetarako eta tratamendu berri eta eraginkorragoetarako.

Alzheimerra neuroendekapenezko gaixotasun bat da, gaixoaren bizi-kalitatea nabarmen murrizten duena. Gaixoak narriadura kognitiboa eta jokaeraren nahastea pairatzen ditu, neuronak hiltzen direlako eta garuna atrofiatu egiten delako. Alzheimerrak 26 milioi pertsona baino gehiagori eragiten die mundu osoan eta kopuru hori hazi egingo omen da biztanleria zahartzen doan heinean, 2020an Alzheimerrak jotakoak 100 milioi izango direlarik. Gaur egun, ez dago sendabiderik, ezta tratamendu eraginkorrik ere; egungo botikekin pazienteen sintomak atzeratu besterik ez dira egiten.