


BioBasque euskal bioeskualdeak bere indarra eta proiekzio gorakorra erakutsi ditu irailaren 17 eta 19 bitartean ospatu den BioSpain 2008 azokan parte hartuta. Granadan antolatutako azoka honetara 35 herrialde baino gehiagotako erakundeak bertaratu ziren, eta beraz, Europa hegoaldean bioteknologiari buruz egin den fororik handiena izan da. Euskal bioeskualdeak ordezkaritza zabala bidali zuen Granadara, 60 pertsona ingurukoa hain zuzen ere, eta bioeskualdearen ordezkari nagusi bezala BioBasque Agentzia joan zen.
Ordezkaritzaren nukleo nagusian 17 enpresa aipatu behar dira: A&B Laboratorios, Abyntek Biopharma, Biobide, Bioftalmik, Biolan, DRO Biosystems, Guserbiot Histocell, Innoprot, Inteman, Mondragón Corporación, Noraybio, Owl Genomics, Pharmakine, Progenika Biopharma, Vacunek, eta Vita Aidelos. Enpresa hauei inbertitzaile publikoen presentzia ere gehitu behar zaio (Arrisku Kapitala Kudeatzeko Sozietatea) eta baita pribatuena ere (Talde eta Ysios). Euskal Herriko Unibertsitatea eta zentro teknologikoak izan ziren (Gaiker, Ikerlan, Neiker eta Vicomtech) bioeskualdeko eremu zientifiko-teknikoko ordezkariak, eta Teknologi Parke eta inkubagailuek, berriz, berrikuntzaren eta enpresa garapenaren aldeko sistema erakutsi zuten.
Azokan parte hartu zuten erakundeek aukera aprobetxatu zuten merkataritza hitzarmenak lortzeko, harremanak egiteko eta etorkizunean hainbat antolakunderekin negozioak egin ahal izateko oinarri sendoak finkatzeko. Zentzu horretan, María Aguirre BioBasque Agentziako arduradunak “oso positibotzat” jo du euskal enpresen parte hartzea BioSpain 2008 azokan, “batez ere, enpresek partnering bileretan lortu dituzten emaitza bikainengatik”.
María Aguirre oso pozik dago euskal bioeskualdeak lortu duen garrantziagatik. “EAE Bioeskualdeen Sareko aitzindaritzat eta eragiletzat daukate orain Estatu barruan” ziurtatu du.
BioBasque Agentziak ondokoa nabarmendu du bereziki: “Euskal bioeskualdea berriro ere ikerketa gaia izan da eduki duen arrakastagatik. Oraingoan, Kanadako, Estatu Batuetako, Alemaniako eta Erresuma Batuko bost adituk osatutako talde batek aztertu du, Jorge Niosi Montrealeko Unibertsitateko katedradunaren zuzendaritzapean.”
BioSpain 2008 azoka izan zen Estatuko Bioeskualdeen Sarea (RBR) aurkezteko aukeratutako markoa. BioBasque sare honetako kide eta sortzailea da beste lau autonomi erkidegotako bioeskualdeekin batera: Kataluniako BioCat, Andaluziako Bioeskualdea, Madrid Biocluster eta Valentziako Erkidegoko Bioval.
Sarea azken urteetako hazkundearen ondorioa da eta inflexio puntua da sektorean. Aurrerantzean, ekimenen koordinazioa errazteko eta autonomi erkidego eta Gobernu Zentralaren arteko elkarrizketa hobetzeko tresna bat izango du, bioteknologiaren sektorearen eta orokorrean biozientzien garapena azkartzeko.