• Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
  • BioBasqueeko erabiltzaileak
Gobierno Vasco Spri
Irudi Apaingarria

BTI eta UPV/EHUko ikertzaileek aztergai izan dituzte garunaren birsorkuntzarako biomendikuntzaren azken aurrerapenak ‘Nature Re

Irailak 7, 2009

celula

BTI Biotechnology Institute euskal bioenpresako, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) eta Bioingeniaritzaren, Biomaterialen eta Nanomedikuntzaren arloko Sareko Ikerketa Biomedikoko zentroko (CIBER BBN) ikerketa talde batek eta AEBetako Incytu Inc enpresak azterketa bat egin dute biomedikuntzak garuna babesteko, konpontzeko eta birsortzeko eskaintzen dituen azken aurrerapenei buruz ‘Nature Reviews Neuroscience’ aldizkari zientifiko ospetsuan argitaratutako artikulu batean.

Aldizkari hori munduko ospetsuenetako bat da neurozientziaren alorrean eta aipatutako artikulua aldizkariaren iraileko alean argitaratuko da. Artikuluan berrikuspen bat egiten da medikuntza birsortzailean eta zelula amen teknologian emandako azken aurrerapenen inguruan eta baita ere aztertzen dira xede terapeutiko desberdinetarako erabiltzen diren biomaterial biomimetrikoak eta matrize berriak.

Patologia eta ingurumeneko eragile asko daude kalte zerebrala sortzen dutenak, besteak beste, infekzioak, traumak, hipoxia egoerak, pozoidurak, garuneko infartuak, etab. Gero eta gaixotasun neurodegeneratibo gehiago dago. Gaixotasun horiek neuronen populazio espezifikoen funtzionamendu egokia aldatzen dute, sintoma psikiatriko eta neurologikoak garatuz eta inpaktu epidemiologikoa eta soziosanitarioa eraginez. Egungo tratamendu farmakologikoak sintoma horiek aldatzeko diseinatuta daude, baina gaur egun ez dago terapia eraginkorrik neuronen funtzionaltasuna berrezartzeko edo kaltetutako garunaren neurodegenerazio progresiboa atzeratu edo saihesteko.

Biomaterial adimendun eta biomimetikoak, hau da, beren propietate biologikoak areagotzeko proteinekin eta peptidoekin aldatutako materialak goitik behera aldatzen ari dira arlo neurologikoa, eta alternatiba berriak sortzen ari dira nerbio-sistema zentralean ehunak babestu, konpondu eta birsortzeko. Teknika berri horien artean honako hauek nabarmentzen dira: sistema nano-farmazeutikoak (agente terapeutikoak garunaren kaltetutako eremuetara eraginkortasunez eta aurreikusteko modu batean sartzea ahalbidetzen dute), biomaterial biomimetikoak erabiltzea xede terapeutikoetarako edo biomaterialak zelula ama neuralekin konbinatzea. Medikuntza birsortzaileko tratamendu berri horietako batzuk oraindik fase esperimentalean daude, baina beste tratamendu asko gaixoetan ebaluatzen ari dira hainbat entsegu klinikotan. Biologikoki aktiboak diren biomaterial berrien ezagutzan eta garapenean aurrera egiteak, medikamentuak emateko modu berriek eta terapia zelularretan lortutako aurrerapenek terapia osoagoak, seguruagoak eta eraginkorragoak lortzen lagunduko digute.

Hauek osatzen dute ‘Nature Reviews Neuroscience’ aldizkarian argitaratutako azterketa egin duen ikerketa taldea: Gorka Orivek (Farmazian doktorea eta Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoko irakaslea UPV/EHUn eta BTI Biotechnology Institute eta CIBER BBN-ko ikertzailea), Eduardo Anituak (BTI Biotechnology Institute-ko zuzendari zientifikoa), José Luis Pedrazek (UPV/EHU-ko Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoko katedraduna eta CIBER BBN-ko ikertzailea) eta Dwaine Emerich-ek (Incytu Inc.-eko zuzendari zientifikoa).