

CIC microGUNEk, mikro eta nanoteknologien ikerketako euskal zentroak, eta BioDonostiak, Osasun Ikerketaren Institutuak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute hainbat ikerketa proiektu elkarrekin garatzeko. Proiektu horien helburua izango da diagnostiko azkarreko tekniketan egindako azken aurrerapenak praktika medikoan sartzea. Hitzarmen horri esker posible izango da Donostiako Ospitalean erabiltzea zenbait gaixotasun –hala nola, hegazti eta txerri gripea-- diagnostikatzeko metodo berrien ikerketa proiektuen ondorioz lortutako azken aurrerapen teknologikoak, eta jaio aurreko diagnostiko ez-inbaditzaileak.
Elkarlan horretan, bakoitzak bere ekarpena egingo du. Batetik, CIC microGUNEk mikro eta nanoteknologien alorrean duen bikaintasunezko ikerketako esperientzia eskainiko du. Esperientzia hori osasun zientzietara eta batez ere diagnostiko azkarraren alorrera zuzendu du; bestetik, BioDonostiak orientazio praktikoa emango die ikerketa horiei gaixoekin azterketak eginez, osasunaren alorreko profesionalen beharrei erantzuteko eta Donostiako Ospitaleko praktika medikoan sartzeko. Bigarren fasean, aurrerapen horiekin patenteak lortuko lirateke, eta euskal enpresa sareak ustiatuzko lituzke.
Donostiako Ospitalea erreferentea da etxeko ospitaleko arretan eta, horretarako, gaixoari arreta berdina edo agian hobea eskaini behar zaio; horrez gain, ospitaleko praktika gizatiartzen duten sistemak behar dira, gaixoaren pribatutasuna gutxiago inbaditzen dutenak eta ekonomikoki bideragarriagoak direnak alegia. Apustu hori aurrera eramateko, diagnostiko azkarreko teknikak behar dira, hots, ospitaleratzea eskatzen ez duten teknikak eta gaixotasun jakin batzuk antzemateko sistema inbaditzailerik behar ez dutenak.
CIC microGUNE eta BioDonostiaren arteko lankidetza hau ikerketa traslazionalaren adibide ona da, zeinari esker ikerketaren emaitzak denbora oso laburrean iristen baitzaizkio gaixoari. Izan ere, proiektu batzuen emaitzak egia bihur daitezke urte eta erdi eta hiru urte bitartean. Ikerketa aitzindari horrek puntako aurrerapen teknologikoak emango dizkio Donostiako bio-osasungintzako guneari; ildo horretatik, herritarrentzako osasun arreta hobea lortuko da eta ingurunearentzako aberastasuna sortuko da.
Bi erakundeek oso aurreratuta dituzte Europako finantzaketa duten bi ikerketa proiektu, Optolabcard eta Portfastflu. Proiektu horien bidez, gailuak garatzen dituzte gaixotasun infekziosoak eta gripearen aldaerak (hegazti edo txerri gripea, esaterako) azkar antzemateko. Gainera, finantzaketa publikoa eskatu dute beste bi ikerketa proiektu gauzatzeko. Bata, jaio aurreko diagnostiko ez-inbaditzaileak egiteko eta bestea diagnostiko metodo aitzindari bat garatu eta, horren bidez, gaixotasun ugari antzemateko.