SPRIren logotipoa
  • Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
  • BioBasqueeko erabiltzaileak
SPRI
Eusko Jaurlaritza
Irudi Apaingarria

CIC bioGUNEk eta Columbia Unibertsitateak gaixotasun genetikoak eragiten dituen entzima bati buruzko ikerketa bateratu bat egin

Irailak 8, 2009

Edificio

CIC bioGUNEko Biologia Estrukturaleko Unitateak eta Columbia University erakundeak (EE UU) ikerketa bateratu bat garatu eta ‘Structure’ aldizkari zientifiko ospetsuan argitaratu dute. Hauxe da piruvato carboxilasa entzimaren egitura baldintza fisiologikoetan (hots, egoera “naturalean”) aurkeztu duten lehen aldia eta beroni buruzko ezagutza sakondu dute, adieraziz zein den aurretik egindako ereduetatik zuzena.

Piruvato carboxilasa entzima metabolikoa da eta oso zeregin garrantzitsua dauka gantz azidoen (gantzaren osagaiak) eta azukreen metabolismoan. Bere funtzioa ondo betetzen ez badu (esaterako genean mutazioak gertatzen direnean) jatorri genetikoko gaixotasun metabolikoak sortzen dira, adibidez, azidemia laktikoa, hipoglizemia eta atzerapen psikomotorea. Aldi berean, bidegurutze metaboliko batean dagoenez, piruvato carboxilasa entzima diana bat izan daiteke obesitatea edo diabetea tratatzerakoan.

Ikerketa New York Structural Biology Center-en (NYSBC) gauzatu da; 2002an sortu eta biologia estrukturalean aritzen den zentro hau ekipamendurik aurreratuenekin hornituta dago hainbat arlotan: RMN, Mikroskopia Elektronikoa eta X izpien kristalografia (CIC bioGUNEko Biologia Estrukturaleko Unitatea bezalaxe). Ikerketa proiektu bateratu honetan, NYSBC arduratu da X izpien kristalografiaz eta CIC bioGUNEko Biologia Estrukturaleko Unitateak, berriz, Mikroskopia Elektronikoari dagokion zatia gauzatu du.

NYSBC zentroan hainbat ikerketa erakundek parte hartzen dute, nagusiki New York hirikoek. Besteak beste, aipatzekoak dira Columbia Unibertsitatea –New Yorkeko unibertsitateetan zaharrena da eta bere historian zehar 78 Nobel sari hartu ditu-, Memorial Sloan-Kettering Cancer Center, eta Mount Sinai School of Medicine.