

Euskal zentroko Genomika Funtzionaleko Unitateko David Gubb britainiarra buru dela, CIC bioGUNEko eta Garapen Biologiaren Zentroko ikertzaile-talde batek Serpina proteinaren (Serina proteasa inhibitzailea) erregulazio-mekanismoa aurkitu du ozpin-euliari (Drosophila melanogaster) esker. Ikerketa Plos Genetics aldizkari zientifiko entzutetsuan argitaratu dute.
Serpinak antzeko egiturak dituzten proteina-multzo bat dira, eta gai dira beste proteina batzuk inhibitzeko (proteasen taldeko entzimak). Serpinek prozesu zelularrak kontrolatzen dituzte, hala nola onddoen eta bakterioen infekzioekiko erresistentziak, odol-koagulazioa eta hanturak. Beraz, interes handia pizten dute ikerketa zientifikoan.
Serpinaren metabolismoaren desordenak hainbat gaixotasun genetiko eragiten ditu gizakiotan. Gaixotasun horiei serpinopatia deritze. Serpinen polimeroak eta polimero inaktiboen antzeko molekula nekrotikoak sortzen dituzten proteina mutatuak ezabatzean sortzen dira.
David Gubb-en esanetan, “onddoek gizakiotan eragiten dituzten infekzioak oso garrantzitsuak dira, batik bat immunitate-sistema ahulduta dagoenean. Esaterako, GIB/hiesa dutenen kasuan, organoren baten transplantea dela-eta botikak hartzen dituzten pertsonetan eta Aspergillus bezalako onddoen kasuan—. Kasu horietan guztietan, onddoen infekzioek heriotza eragin dezakete 24 ordutan.