SPRIren logotipoa
  • Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
  • BioBasqueeko erabiltzaileak
SPRI
Eusko Jaurlaritza
Irudi Apaingarria

CIC bioGUNEko ikertzaileek mikroRNAk interpretatzen laguntzen duen aplikazio bioinformatiko bat garatu dute

Urriak 19, 2009

Ana María Aransay
Ana María Aransay, CIC bioGUNEko ikertzailea

CIC bioGUNEko Genomika Funtzionaleko Unitateko ikertzaile-talde batek, Ana María Aransay buru dela, tresna bioinformatiko bat garatu du, zeinak aukera ematen baitu mikroRNA edo RNA ez kodifikatzaile txikien sekuentziazioaren emaitzak aztertzeko eta interpretatzeko. MikroRNAk geneetatik transkribatutako azido erribonukleikozko molekulak dira eta ez dira proteina bihurtzen. Doako eta sarbide libreko web tresna horrek ‘miRanalyzer’ du izena eta inpaktu handia sortu du maiatzean Nucleic Acids Research aldizkarian argitaratu zenetik.

MikroRNAk (miRNA ere deiturikoak) azido erribonukleikozko (RNA) molekula txikiak dira (19-25 nukleotido bitartean dituzte), DNAren erregio espezifikoetatik transkribatzen direnak. Molekula horiek ez dira proteina bihurtzen eta orain arte funtzio erregulatzaileak esleitu zaizkie. MikroRNAk organismo barietate zabal batean azaltzen dira, landareetatik hasi eta zizare eta gizakienganaino. MikroRNA asko ongi kontserbatu dira eboluzioan zehar eta horri esker beren jatorria antzinakoa dela ikus daiteke. Zenbait zenbaketak 800 miRNA desberdin identifikatu dituzte gizakietan, eta horrek esan nahi du miRNA multzoak giza genomaren %3 inguru ordezka lezakeela.

MiRNAk aztertzea oso baliagarria da orain arte azaldu ezin izan diren zenbait zelula-gertaera ulertzeko, esaterako, zelula kantzerigenoen zenbait generen adierazpenaren erregulazioa edo sortzetiko erantzun immunologikoaren modulazioa. Era berean, oso interesgarria da giza organo desberdinetako miRNA edukiaren azalpena, azalpen horren bidez azter baitaiteke zein paper jokatzen duten tratamendu farmakologiko batzuen aurrean emandako banakako erantzunean.

Orain arte, talde bioinformatikoen laguntzarik ez zuten ikertzaileek hirugarren batzuen laguntza behar izan dute miRNA-en sekuentziazio masiboko datuak aztertzeko. ‘miRanalyzer’ argitaratu denetik, analisia urrutitik eta doan egin daiteke edozein laborategitatik. Ana María Aransay-ren arabera, “web tresna hori erabiltzeko jarraibideak oso errazak dira, eta erreza da baita ere aztertu nahi diren datuen fitxategiak prestatzea, beraz, bioinformatikoak ez garenok ere arazo gabe erabil dezakegu”.