

CIC bioGUNE Biozientzietako Ikerketa Kooperatiboko Zentroko eta Proteomika euskal enpresako ikertzaileek orain arte egin den fluido endometrialaren aspirazioaren karakterizazio proteomiko handiena egin dute. Horri esker, etorkizunean diagnostiko goiztiarreko test berrien garapenean aurrera egin ahal izango da, teknika ez inbaditzaileak erabiliz endometriosia bezalako patologietan, zeina ohikoa baita emakumezkoen artean (emakumezkoen %10ari eragiten die)*.
Félix Elortza CIC bioGUNEko Proteomika Plataformako arduradunak zuzendutako ikerketa hori duela gutxi argitaratu da Journal of Proteome Research zientzia-aldizkari ospetsuan. Biofluido horren inguruan egin den azterketa proteomiko zabalena da, non 803 proteina identifikatu baitira. Lortutako emaitzak oso baliagarriak izan daitezke etorkizunean hainbat ikerketa egiteko, hala nola, diagnostiko goiztiarrari buruzko ikerketak edo emakumezkoei eragiten dieten alterazio endometrial desberdinen biomarkatzaileak neurtzeko esperimentuen diseinuarekin zerikusia dutenak.
Endometrioa umetokiaren barnealdea estaltzen duen mukosa da eta bere egitekoa da ernalketaren ondoren zigotoa kokatzea, bere ezarpena ahalbidetzeko. Patologia endometrial desberdinak daude, baina ohikoenetako bat endometriosia da. Endometriosiaren ezaugarria da umetokiaren kanpoko ehun endometriala hazi egiten dela, eta horrek pelbiseko mina, menstruazio mingarriak eta ernalezintasuna sor dezake.
Azterketaren arabera, endometrioak paira ditzakeen alterazio desberdinek aztarna molekularra uzten dute proteikoki fluido endometrialean eta, beraz, biofluido horren karakterizazio sakon bat eginez gero, oinarriak finka daitezke, etorkizunean diagnostikorako test bat egin ahal izateko biopsiara jo gabe. 2008an Proteomika euskal enpresarekin lankidetzan hasitako azterketa honetan, oinarri gisa Gurutzetako Ospitaleak (Bizkaia) eta IVI Fundazioak (Bilbo eta Madrilgo Valentziako Ernalezintasun Institutua) emandako laginak erabili dira. Proteomikak kalitate handiko hainbat lagin aukeratu ditu (aipatutako mediku zentroekin izandako lankidetzan) eta lagin horiek prozesatu eta gel monodimentsionalak eta bidimentsionalak prestatu ditu, gero horietatik abiatuta, CIC bioGUNEn aztertu diren spot edo proteinak pikatzeko.
Félix Elortza ikerketa zentroko Proteomika Plataformako arduradunaren arabera, “proteoma honela defini daiteke: zelula, ehun edo organismo batek une jakin batean adierazitako proteina multzoa”.
Biomedikuntzan eta, zehatzago esanda, diagnosiaren alorrean, funtsezkoa da lagina inbaditzailea ez izatea, ahal den neurrian. Horretarako, ahalegin handia egiten ari dira biofluido desberdinen (odola, gernua, malkoa, etab) karakterizazio molekularrean".
*Espainiako Endiometriosis Elkarteak argitaratutako datua