• Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
  • BioBasqueeko erabiltzaileak
Gobierno Vasco Spri
Irudi Apaingarria

CIC bioGUNEko ikerlariek gibelaren birsorkuntzari eragiten dion gene arriskutsu bat identifikatu dute

Abenduak 3, 2009

José M. Mato

CIC bioGUNE, Biozientzietako Ikerketa Zentro Kooperatiboko ikerlariek eta CIBERehd, Gibeleko eta Urdaileko Gaixotasunen Ikerketa Sare Biomedikuko ikerlariek eginiko aurkikuntza baten arabera, GNMT genearen defizientziak eragina dauka gibelaren birsorkuntza eta ugalketan, eta gibeleko gaixotasunak jasateko gaitzikortasuna handitzen du gainera. Hepatology aldizkari entzutetsuak duela gutxi argitaratu du aurkikuntza hori.

Hauexek dira CIC bioGUNEko taldeetako zuzendariak: José M Mato, nazioarteko aditu garrantzitsuenetako bat gibelaren ikerketan, eta Mari Luz Martínez Chantar doktorea, zentroko Metabolomika Unitatekoa. Denen artean frogatu dute GNMT genearen defizientziak handiagotu egiten duela gibelaren gaitzikortasuna alkoholak edo botika jakin batzuek eragindako kaltearen aurrean. Honela bada, GNMT defizientziak aurkitu dira esteatosia (gibelean gantza pilatzea), fibrosia (zirrosiaren aurreko urratsa) eta kartzinoma hepatozelularra (gibeleko minbizia) daukaten gaixoetan.

Ikerketa hau lankidetzan egin da Keck School of Medicine (AEB) eta Vanderbilt Unibertsitatearekin (AEB) batera; CIC bioGUNEko eta bi erakunde horietako zientzialariek GNMT defizientzia zeukan arratoi eredu bat garatu zuten eraldaketa genetikoaren bitartez. Horrela frogatu dute GMNT genea dela gibelak SAMe (S-adenosilmetionina) molekula metabolizatzearen erantzule nagusia eta, halaber, oso garrantzitsua dela, gibeleko zelulen ugalkortasun egokia bermatzearen arduraduna baita.

Lantalde horrek aurretik egindako lanek (horiek ere Hepatology aldizkarian argitaratu ziren 2008an) erakutsi zuten SAMe maila altuegiek asaldatu egiten dutela hepatozitoen funtzionamendua eta horrek zuzeneko bi ondorio dauzkala: batetik, gibeleko zelulak kontrolik gabe ugaltzen dira eta ondorioz kartzinoma hepatozelularra garatzen da; bestetik, ugalkortasun anormal horrek ez dio kaltetutako gibelari birsortzen uzten eta gaitzikortasuna handitzen du.

Orain baieztatu da GNMT genearen defizientziak eragotzi egiten duela SAMe mailak modu kontrolatuan erregulatzea; eta beraz, SAMe-k ezin du eragotzi gibeleko zelulen ugalketa anormala eta inkontrolatua eta, azkenean, tumorea agertzen da.