SPRIren logotipoa
  • Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
  • BioBasqueeko erabiltzaileak
SPRI
Eusko Jaurlaritza
Irudi Apaingarria

CIC bioGUNEko ikertzaileek deskubritu dute zergatik diren proteina batzuk gatzarekiko erresistenteak

Abenduak 15, 2009

Oscar Millet
Oscar Millet doktorea,
CIC bioGUNEn

Oscar Millet-en zuzendaritzapean diharduen CIC bioGUNEko (Biozientzietako Ikerketa Kooperatiborako Zentroa) ikertzaile talde batek deskubritu du zein mekanismok azaltzen duen zenbait proteinak ingurune erasokor eta muturrekoetara, bereziki gazitasun handiko inguruneetara, egokitzeko daukaten gaitasun bitxia. Duela gutxi argitaratu dute ikerketa hori Plos Biology aldizkari entzutetsuan.

Lurreko bizitzak ikaragarrizko gaitasuna du inguruneari egokitzeko, eta izaki bizidunak tokirik babesgabeenetan ere bizi dira. Arkeobakterio halofiloak gatzagetan eta laku gazietan bizi diren zelula bakarreko organismo talde bat dira; ingurune horietan gatz kontzentrazio handiak daude, zelulak leherrarazteko adinakoak. Shock osmotikoa saihesteko, arkeobakterioek orekatu egiten dute zelularen barneko gatz kontzentrazioa ingurunekoarekin.

Proiektua garatu duten ikertzaileak CIC bioGUNEko Biologia Estrukturaleko Unitatearen bereizmen handiko teknikez baliatu dira (esaterako, erresonantzia magnetiko nuklearra [RMN] eta dikroismo zirkularra), eta zenbait proteinatan aplikatu dituzte gazitasun handiko inguruneetara egokitzeko mekanismoaren oinarri estrukturalak eta termodinamikoak identifikatzeko.

Horrela, posible izan da ulertzea zein den aminoazidoen konposizioaren eta gatzari egokitzeko gaitasunaren arteko lotura. Gazitasun handiko inguruneetan, uraren kontzentrazioa murriztu egiten da eta aminoazido horiek azalean pilatzen dira, urarekiko elkarreragina gutxiengora murriztuz. “Galdera zail baten erantzuna aurkitu dugu, 15 edo 20 urtez bila ibili ondoren”, baieztatu du Oscar Millet doktoreak; gogorarazi digu duela urte askotatik ikerketa talde ugarik aztertu dutela enigma hori AEBetan eta Israelen, azken honen kasuan Itsaso Hilarekiko hurbiltasunaren ondorioz.

“Ulertu behar da disolbatzailearekin egindako elkarreragina dela erantzuna, zeinak ur ingurunearekiko elkarreragina murrizten baitu. Urezko ingurune batean proteina bat sartuz gero, urak disolbatu egiten du proteina. Baina tartean gatza badaukazu, urak bere funtzioa banatu behar du: gatza eta proteina, biak disolbatu behar ditu. Horren ondorioz, proteinak kontaktuak galtzen ditu. Eta aminoazidoen konposizio bereziari esker, kontaktuak gal ditzake proteinaren osaera eta egonkortasuna kaltetu gabe. Horra hor, arazoaren giltza”, azaldu du Millet-ek.

Aurkikuntza zientifiko horrek izan dezakeen aplikazio nagusia entzimen ingeniaritzan aurkituko dugu, izan ere, Oscar Millet-en iritziz, bio-erreaktoreetan "gatz inguruneetan ematen direnen antzeko ur eskasia baldintzak" ematen dira.

Azken finean, bioteknologiaren esparruan ere erabilgarri izan liteke, zehazki 'kimika berdearen' baldintzak (isuri toxikoak murriztea) ahalbidetzen duten substantzia biologikoen erabilpen industrialari dagokionean. Aurkikuntza honek atmosferan negutegi efektua eragiten duten gasen isuriak ere murriztu ditzake, erabilitako teknikei esker, murriztu egingo bailitzateke prozesu industrialak egiteko behar den energia.