


CIC bioGUNEko ikertzaileek Yale, Harvard eta Oxfordeko unibertsitatekoekin batera eginiko ikerketa batek ezagutzera eman du ADNa ARN bilakatzen duen entzima, harrigarria bada ere, duela bi bilioi urtetik hona egon dela gizakion gorputzean; hots, antzinako organismo zelulabakarretan azaldu zenetik. Ikerketa hori Plos Biology aldizkarian argitaratu da, maiatzeko alean.
Sulfolobus izeneko organismo horiek muturreko inguruetan bizi dira; sulfuro kontzentrazio handia duten sumendietan edo gatzagetan, esaterako. Orduko bazuten ARN (RNAP) azpiunitate anitzeko entzima polimerasa, ADNa ARN bilakatzeko -eta, era berean, erribosomek proteina bilakatzen dutena-, prozesuan transkripzioa egiteaz arduratzen dena.
Plos Biology aldizkarian argitaraturiko ikerketaren zuzendariak Nicola Abrescia eta Yakov Korkhin izan dira. Ikerbasque Fundazioak kontrataturiko ikerlari italiarra da lahena, duela gutxi sartu dena CIC bioGUNEko Egiturazko Biologia Unitatean; bigarrena, berriz, Yale eta Harvardeko ikertzailea da. Oxfordeko beste ikertzaile batzuk izan dituzte lagun.
Korkhinek eta Abresciak, beste ikertzaile batzuekin batera, X izpien kristalografiaren bitartez ikertu dute entzima polimerasa, CIC bioGUNEko Egiturazko Biologiako Unitatean. Metodo horrek proteina kristal txikietatik eta/edo azido nukleikoetatik sakabanaturiko X izpiak erabiltzen ditu haren hiru dimentsioko egitura berreraikitzeko. Taldeak guztiz argitu ditu entzimaren egitura eta haren bilakaera.
Ikerketa zientifikoaren norainokoa oso handia da; izan ere, Abresciaren hitzetan, «lehenengo aldiz islatzen baitu organismo honen makineria entzimatiko osoa, eta nondik gatozen eta eboluzioak gauza zailenak egiteko nola moldatu gaituen ulertaraz baitiezaguke».