SPRIren logotipoa
  • Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
  • BioBasqueeko erabiltzaileak
SPRI
Eusko Jaurlaritza
Irudi Apaingarria

CIC bioGUNEk nazioarteko adituak elkartu ditu Egiturazko Birologiari buruzko workshop batean

Uztailak 6, 2009

Laboratorioko tresnak

Biozientzietako Ikerketa Kooperatiboko CIC bioGUNE zentroak Egiturazko Birologiari edo birusen, hots, lurreko organismo ugarienen Egiturazko Biologiari buruzko workshop bat antolatu zuen joan den ekainaren 4an eta 5ean.Ekitaldiaren helburua zen ikuspuntu orokor bat ematea eta diziplina horretan eginiko azken aurrerapenen inguruan eztabaidatzea, alor horretako adituek emandako hitzaldien bidez.

Workshop-ean parte hartu zuten hizlariak erakunde hauetakoak ziren: National Institute of Arthritis and Musculoskeletal and Skin Diseases (NIAMS), NIH-National Institutes of Health-en menpeko erakundea (EEUU); Oxfordeko (Erresuma Batua) eta Helsinkiko (Finlandia) Unibertsitateak; eta baita ere Ecole Polytechnique Fédérale de Lausanne (Suitza), Bioteknologiako Zentro Nazionala (CNB-CSIC), Severo Ochoa Biologia Molekularreko Zentroa (CBM) edo Bartzelonako Biologia Molekularreko Institutua (IBMB).Euskadi ere ordezkatuta egon zen workshop-ean, bertan izan baitziren EHUko (UPV/EHU) Biofisika Unitateko Diego Guerin eta CIC bioGUNEko Nicola Abrescia eta Francisco Blanco.

Workshop-ean gai asko jorratu ziren, baina besteak beste honako hauek nabarmendu daitezke: Alasdair Steven (NIH) irakasleak birus batzuen barneko antolamenduari buruz emandako hitzaldiak, non adierazi zuen birus horien material genetikoa partikuletan paketatuta dagoela gizakiaren kasuan gertatzen den antzera; Mauricio Mateu irakaslearen (CBM) hitzaldia, non birus modelo baten propietate mekanikoez jardun zuen eta baita ere azaldu zuen nola manipula daitezkeen propietate horiek eta beharbada nanoteknologian ere aplika litezkeela; Ignacio Fita irakaslearen (IBMB) hitzaldia, non zelulen barruan aurkitutako eta “bobedak" deituriko birusen antzeko egitura berrien inguruan hitz egin zuen; oraindik ez da ezagutzen zein den “bobeda” horien egitekoa, baina berezko immunitatearekin zerikusia izan lezake.

CIC bioGUNEko Egiturazko Biologia Unitateak urtero antolatzen duen hirugarren workshop-a da aurtengoa. Puntako azpiegitura horrek Erresonantzia Magnetiko Nuklearreko, Mikroskopia Elektronikoko eta X-Izpien Difrakzioko ekipoen ahalmen teknologikoa konbinatzen ditu.

Egiturazko biologiaren teknika berritzaileen erabilpena sustatzen duen plataforma hau zientzia eta enpresa komunitatearen esku dago.