

CIC biomaGUNEren lehen urteurrena ospatzeko José Elguero irakasleak ‘Crystal Engineering. Nuclear Magnetic Resonance and Crystallography: More than Good Friends’ izeneko hitzaldia eskaini zuen joan den maiatzaren 19an, euskal zentroan. Hitzaldia CIC biomaGUNEren zientzia zuzendaria den Manual Martín-Lomasek aurkeztu zuen.
Elguero irakaslea (Madril, 1934) Espainiako ikerlari-zientzialari entzutetsuenetako bat da. Madrilgo Complutense Unibertsitatean lizentziatu zen Kimikan eta Montpellier-eko Unibertsitatean egin zuen doktoretza. Bere ibilbide profesionalaren lehen zatia Frantzian egin ondoren, 1980an Espainiara itzuli zen. CSIC-eko Kimika Medikoko Institutuan hasi zen lanean eta bertako zuzendaria ere izan zen.
Bere espezialitateari buruzko argitalpen eta liburu ugari argitaratu ditu eta bere ekarpenek nazioarteko hainbat sari jaso dituzte. Gainera, hainbat unibertsitatek honoris causa doktoretzak eskaini dizkiote. Bestetik, Zientzia Zehatz, Fisiko eta Naturalen Errege Akademiako kide da.
Donostian eskaini zuen hitzaldiak CIC biomaGUNEren lehen urteurrena ospatzeko balio izan zuen. Zentroan jada nazioarteko 60 ikerlari lanean ari dira hiru ikerketa unitatetan banaturik: Irudi Molekularra, Nanomaterial Biofuntzionalak eta Bioazalerak.