SPRIren logotipoa
  • Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
  • BioBasqueeko erabiltzaileak
SPRI
Eusko Jaurlaritza
Irudi Apaingarria

CIC biomaGUNEk indar atomikoko mikroskopioari buruzko Europako bi patente berri eskatu ditu

Urriak 28, 2009

Trabajadores de cicbiomagune
CIC biomaGUNEko Soledad Penades doktorearen taldea

CIC biomaGUNEko Nanomaterial Biofuntzionalen Unitateko Glikonanoteknologia Laborategiko Soledad Penadés irakasleak eta Elena Martines eta Isabel García doktoreek bi aurkikuntza zientifiko berri egin dituzte. Aurkikuntza horiek Indar Atomikoko Mikroskopioekin (AFM) lortutako emaitza eta probekin loturiko ikerketaren emaitza dira. Aurkikuntza horiei esker CIC biomaGUNEk Europako bi patente berri eskatu ditu.

Indar Atomikoko Mikroskopioa funtsezko lan tresna da elkarreragin biologikoak aztertzeko. Gainera, aukera ematen du laginak dimentsio nanometrikoetan karakterizatzeko eta ikusteko espazio-bereizmen bikainarekin. CIC biomaGUNEk biomaterialak ikertzen ditu eta, besteak beste, infekzio, hantura, immunitate edo minbizi prozesuetan esku hartzen duten azalera eta elkarreragin biologikoak aztertzen ditu. Indar Atomikoko Mikroskopioa erabiltzen da, besteak beste, Giza Immunoeskasiaren Birusaren bildukinaren karbohidratoen (azukreak) eta birusak kutsatzeko erabiltzen dituen giza zelulen errezeptoreen artean dauden indarrak neurtzeko.

Indar Atomikoko Mikroskopioak ez du argia erabiltzen objektuak ikusteko, horren ordez punta zorrotz bat dauka eta aztertu beharreko materialaren azaleraren eta punta zorrotz horren arteko interakzioko indar atomiko edo molekular ñimiñoak hautematen ditu.
AFM-ren funtsezko pieza orratz ñimiño bat da (5 nanometrokoa). Orratz horrek material baten gainazala zeharkatzen du distantzia jakin batean eta atomoen indarra eta topografia neurtzen ditu.

Eskatutako patenteak orratz horri buruzkoak dira. Orratzari zunda ere deitzen zaio; piramide-formako punta kristalino bat da, hauskorra eta garestia. Lehen patentea hainbat zunda aldi berean finkatzea eta funtzionalizatzea ahalbidetzen duen aparatuari dagokio, aparatu horri esker, prozesua bizkortu egiten da, orain arte eskuz egiten zen manipulazioa erraztuz eta zunda kutsatzea eta haustea saihestuz (aparatuak oso marruskadura txikia sortzen du).

Bigarren patentea AFM-ren zundak gorde eta garraiatzeko kaxa hermetiko baten diseinuari dagokio. Kaxa horrek dagoeneko funtzionalizatuta dauden, hau da, proteinaren batekin tratatuak izan diren zunden garraioa ahalbidetuko du likidoetan, izan ere, kaxa hermetiko horri esker proteina ez baita desnaturalizatzen.

CIC biomaGUNEko ikertzaileek garatutako bi aurkikuntzak oso interesgarriak dira mikroskopio mota horrekin lan egiten duten edo horiek fabrikatzen dituzten enpresa eta ikerketa-taldeentzat. AFMren puntak oso hauskorrak eta garestiak dira eta aurkikuntza horiei esker beren funtzionalizazio eta garraio arazoak konponduko dira.