SPRIren logotipoa
  • Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
  • BioBasqueeko erabiltzaileak
SPRI
Eusko Jaurlaritza
Irudi Apaingarria

CIC biomaGUNEko ikertzaileek bularreko minbiziaren diagnosia egiteko metodo esperimentala garatu dute

Martxoak 3, 2010

CIC biomaGUNE

CIC biomaGUNEko ikertzaileek metodo esperimental bat garatu dute, STREM deritzona (Stress Relaxation Microscopy), hainbat motatako material biologikoren propietate mekanikoak ahalik eta modu osoenean ezagutzeko. Metodo berriak, zeinaren deskribapena eta lehen aplikazioa Journal of Biomechanics aldizkarian argitaratu duten, zenbait gaixotasun hautemateko eta haien diagnosia egiteko tresna ahaltsua bilaka daiteke, bularreko minbizia, besteak beste.

Susana Moreno-Flores eta José Luis Toca-herrera CIC biomaGUNEko ikertzaileek burutu dute lana, María del Mar Vivancorekin, CIC bioGUNEkoa eta Rafael Benítezekin, Extremadurako Unibertsitatekoa, elkarlanean.

Deformazio konstantea jasaten duen material biologikoari ezartzen zaion tentsio mekanikoaren erlaxazioa aztertzean oinarritzen da STREM. Ikuspegi horrek, indar atomikoko eta optikoko mikroskopia klasikoekin batera, hainbat parametroko irudi modura eskaintzen digu material biologikoaren deskribapena. Metodo horren bitartez, ezarritako tentsioak eragindako deformazioaren hiru dimentsioko topografiako mapak lor daitezke eta baita energia totalarena eta deformatzeko behar izan duen energiarena zein gertatzen diren prozesu biskoelastikoen erlaxazio-denborena ere.

STREMek bularreko minbiziko zelula bizidunetan aplikatu da (MCF-7) eta zelula horien konplexutasuna agerian utzi du. Besteak beste, tokiko tentsioek zelulan eragindako deformazioa, zitoeskeletoaren eta mintz zelularraren erlaxazio denborak eremu mikrometrikoan neurtu dira, besteak beste.

Azken hiru urteotan burutu den lana, aurrera pausoa da material biologikoen mekanikaren eremuan eta, are zehatzago, biologia zelularrean aplikatzen diren teknika fisikoetan. José Luis Toca-Herreraren hitzetan, “orain arte, zelula itsaskorren mekanikaren azterketak eredu sinplifikatuak erabiltzen zituen, haien konplexutasun mekanikoa eta morfologikoa kontuan izan gabe”. “Metodo berri honek biomekanika zelularraren deskribapen kuantitatibo konplexuagoa eskaintzen digu, eta zelulen morfologiarekin eta egiturarekin erlazionatzen ditu haien propietate mekanikoak”, dio.

Duela gutxi egin diren biologia zelularraren eremuko aurkikuntzek argi utzi dute zelulen propietate mekanikoek, enbrioietakoak ere, haien garapenean eta funtzioan eragina izango dutela. Ikerketa hauekin, zelulen izaera tumorala haien mekanikaren aldaketarekin lotuta daudela ikusi da. Eta eremu horretan izan daiteke, hain zuzen ere, STREMa garrantzitsua tumorrak hautemateko eta haien diagnosia egiteko,, hainbat parametroko mapek aldaketa horiek modu zehatzean aurkitu eta, aldi berean, haien izaeraren inguruko ideia eman diezazkigukeelako. Horrela, zelula motak eta malformazioak identifikatu ahal izango ditugu.

Ikerketa taldea, egun, gailu esperimental berarekin ari da STREM metodoa osatzen, material biologikoen mekanikaren ahalik eta deskribapen mekaniko zabalena emateko, hau da, konprimagarritasun moduluak eta materialaren biskositateak zehazteko.

Era berean, STREMa sendagaiek minbizi-zelulen mintzetan eta zitoeskeletoan eragindako efektua bereizteko ere ari dira erabiltzen. Etorkizunean enbrioien zelulei ere aplikatuko zaie metodoa.