• Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
  • BioBasqueeko erabiltzaileak
Gobierno Vasco Spri
Irudi Apaingarria

Gurutzetako Ospitalea eta Mondragon Unibertsitatea lankidetzan ari dira hiru ikerketa proiektutan

Irailak 16, 2009

hospital de cruces

Gurutzetako Ospitalea (Bizkaia) eta Mondragon Unibertsitatea (MU) elkarrekin ari dira lanean biomedikuntzako hiru I+G proiektu garatzeko. 2008aren hasieran, bi erakundeek lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten, zeina indarrean izango baita datorren urteko udara arte. Proiektuak diziplina anitzekoak dira, medikuen eta ingeniarien ezagutza konbinatzen baitituzte. Bi erakundeen arteko lankidetza bi esparru hauetan oinarritzen da: biomaterialak eta medikuntza birsortzailea batetik, eta Web Semantikoko teknologien erabilpena diagnostikoak egiteko, bestetik.

Biomaterialen esparruko lehen proiektuan ama-zelulak hazten dituzte lokomozio aparatuko ehunak birsortzeko. Zehazki, artikulazioetako kartilagoaren birsorkuntza (laborategikoa) aztertzen da pazienteari inplantatzeko, eta baita ere hiru dimentsiotako "armazoi" bezala erabil daitezkeen material anitzen egokitasuna, zelulen hazkuntza erraztu dezaten eta biodegradatu daitezen ehuna birsortzen doan heinean. Azken helburua da prozedura terapeutiko berriak garatzea kartilagoko lesioetarako, horrela hain erasokorrak ez diren ebakuntzak egin ahal izango dira.

Beste bi proiektuetan Web semantikoko teknologiak erabiltzen dira. Software horrek informazioa bildu, iragazi eta prozesatu dezake, eta baita ere informazio horren gainean inferentziak egin eta ingurunearekin elkarreragin, horrela beraz, erabiltzaileak ez du etengabe gainbegiraketa edo kontrolik egin beharrik. Teknologia horiek informatikaren esparruko bi proiektutan aplikatzen dira, bakoitzak helburu bat daukalarik: bularreko minbiziaren diagnostikoa lehenak eta osasun zentroetan hartzen diren infekzioak identifikatzea bigarrenak.

Bularreko minbizia tumore gaizto ohikoena da emakumezkoen artean; urtero 40 kasu diagnostikatzen dira 100.000 emakumeko. Proiektu honen helburua da sistema informatiko bat garatzea, zeinak medikuei lagunduko baitie erabakiak hartzen minbizia tratatzean.

Hirugarren proiektuaren helburua da azkartasun eta zehaztasun handiagoz identifikatzea pazienteek osasun zentroetan ingresatuta daudenean hartutako infekzioak, hots, infekzio nosokomialak deiturikoak. Gaixotasun horiek dira pazientearen segurtasunean kalte gehien egiten duten elementu batzuk, eta gainera kostu handiak sortzen dituzte, bai norbanakoaren osasunari dagokionean, bai eta osasun zentroaren ekonomian. Proiektu honen azken helburua da estrategia eraginkor bat lortzea prebentzioa eta kontrola errazteko.