


Euskadiko KB Data Mining enpresak bere produktuak banatzeko hitzarmen bat sinatu du Danimarkako CLC bio konpainiarekin. CLC bio munduko liderra da bioinformatikako soluzioen hornikuntzan. Lankidetza horri esker, bi konpainia horiek aukera izango dute belaunaldi berriko DNAren sekuentziazioarekin, proteomikarekin eta genomikarekin lotutako 15 software eta hardware produktu baino gehiagoko katalogoa eskaintzeko Espainian.
Software produktuen artean Genomics Workbench izenekoa nabarmentzen da, zeinak erantzun globala ematen baitie DNAren sekuentziazioako ikertzaileei. Produktu horiek guztiak hardware espezializatua erosiz eta erabiliz bizkor daitezke eta hardware hori KB Data Mining-ek banatzen du.
KB Data Mining enpresak ikaskuntza automatikoarekin loturiko produktuak eta aholkularitza zerbitzuak eskaintzen ditu, Adimen Artifizialaren adar horren xedea da ordenagailuei ikasteko aukera emateko teknikak garatzea. Bestalde, enpresak datu-meatzaritza ere eskaintzen du; ahalmen handiko tresna hori prozesu konplexuak eredu konputazionalen bidez karakterizatzeko erabiltzen da eta oso baliagarria da bioteknologiaren esparruan.
Bestalde, Danimarkako CLC bio konpainia munduko liderra da soluzio bioinformatikoen hornikuntzan. Bere produktuen erabiltzaileen artean erreferentziazko zentroak daude, esaterako, Craig Venter institutua, Boehringer Ingelheim edo Novartis farmazia-enpresak, Cambridgeko Unibertsitatea edo zentro teknologikoak eta Bioingeniaritzako Fraunhofer Institutua.
KB-k eta CLC-k ikuspuntu bera dute produktuak bezeroarentzat egokitzeari dagokionean, beraz, etorkizunean, KB konpainiak CLC-ren produktuak egokitu nahi ditu Espainian, eta hitzarmen horrek bi konpainien arteko sinergiak indartuko ditu.