

Dynakin euskal enpresak urtarrilean sinatu zuen “International Regulatory Affairs” delakoan eta estrategien aholkularitzan espezializatuta dagoen Dr. Regenold Gmbh alemaniar enpresarekin elkarlanerako akordioa, zeinarekin nazioartera hedatzeko prozesua hasiko duen.
Dr. Regenold-ek elkarlanerako nazioarteko sare bat jarri du martxan, Regulanet, 40 herrialdetan baino gehiagotan dagoena, eta agindutako sendagaietan, OTC-etan (errezetarik gabekoak) eta generikoetan, sendagaietan, biotech produktuetan, gailu medikuetan, elikagai osagarrietan eta kosmetikoetan duen esperientzia nabarmentzen da.
Elkarlanerako akordioari esker, Dynakin nazioarteko merkatura sartu ahal izango da eta bere zerbitzuak 40 herrialde baino gehiagotan eskainiko du. Dynakinek hainbat enpresa biofarmazeutikorekin eta bioteknologikorekin batera egiten du lan sendagai eta estrategia terapeutiko berriak garatzeko.
Euskal konpainiaren zerbitzuen artean dago laguntza bioanalitikoa eskaintzea ikerketa farmakozinetiko edo toxikozinetiko arautzaileetan (sendagaia gorputzetik igarotzen denean jasaten dituen prozesuak aztertzen dituztenak) eta, horretarako, garapenaren etapa guztietan (LC/MS-MS, HPLC-UV, etab.) konposatuak matrize biologikoetan zenbatzeko gai den teknologia du.
Horrez gain, Dynakinek farmakozinetikaren eta farmakodinamikaren eremuetan zein datuen analisiaren eremuan aholkularitza estrategikoko zerbitzuak eskaintzen ditu, FDAren azken gomendioak jarraituz. Dynakinek sendagaien garapenaren etapetan sortutako informazio farmakozinetikoa eta farmakodinamikoa osatzen duten eredu farmako-estatistikoak erabiliz haien jarrera hobeto ezagutzea lortzeko helburuarekin sendagaien garapena hobetzeko baliabideak ditu. Ikerketan zehar sortutako ezagutzaren kudeaketa areagotzeko aukera eskaintzen du eta sendagaia garatzeko etapa guztietan erabakiak hartzea errazten du ikerketaren ikuspegi berri honek.
Dynakinen I+G Medikuntza Pertsonalizatuari dago zuzenduta, sendagaien dosi optimoa aurresateko metodoak eta produktuak garatuz, onkologiaren eta immunosupresioaren eremuetan gehienak, baina baita pediatria bezalako beste arloetan ere.