• Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
  • BioBasqueeko erabiltzaileak
Gobierno Vasco Spri
Irudi Apaingarria

Embryomics bioenpresa berriak teknika berritzaile bat garatu du enbrioiak ikertzeko

Abuztuak 3, 2009

Logotipo de Embryomics

Konpainia berri bat sortu da etengabe hazten ari den Euskal Bioeskualdean. Embryomics izeneko enpresa bioteknologiko honek landuko duen arloa epe enbrionarioko anomalia kromosomikoen diagnostiko ez inbasiboa da. Diagnostiko hori egiteko erabiliko duten teknikari esker, hobetu eta sinpletu egingo dira enbrioiak uteroan inplantatu aurreko analisiak, zeintzuen bidez jakin baitaiteke enbrioiak bideragarriak diren laguntza bidezko ugalketa tratamenduetan. Aurrerapen handia da lehengo diagnostiko metodoen aldean, eta horri esker, enbrioien biopsia saihesteaz gain, prozesuaren kostuak ere murriztu egingo dira.

Embryomics hiru erakunderen arteko lankidetzaren emaitza da: Instituto Valenciano de Infertilidad (IVI), OWL Genomics euskal konpainia (metabolomikan oinarritutako diagnostiko sistemetan espezializatua) eta Cross Road Biotech (CRB), arrisku kapitaleko sozietatea.

Embryomics enpresaren egoitza Biokabi bioinkubagailuan egongo da, Bizkaiko Teknologi Parkean, eta gainera CIC bioGUNEren (Biozientzietako Ikerketa Kooperatiboko Zentroa) laguntza izango du. Azken honen zuzendaria, Jose Mato doktorea, proiektuan inplikatuta egon da hasiera-hasieratik.

Embryomics-eko presidente eta IVI Fundazioko zuzendari zientifikoak, Carlos Simon-ek, hauxe esan du: “konpainia aitzindaria da diagnostiko teknika ez inbasibo honetan, zeinari esker nabarmen hobetuko baitira laguntza bidezko ugalketa tratamenduak eta, gainera, bere baitan biltzen ditu IVI Fundazioaren ibilbidea –laguntza bidezko ugalketa egin zuen lehen taldea Espainian eta bigarrena munduan- OWL Genomics enpresaren analisien teknologia iraultzailea eta Cross Road Biotech sozietateak arrakasta handiko konpainia bioteknologikoak garatzeko daukan esperientzia zabala.”

Embryomics enpresak azken teknologia metabolomikoak erabiliko ditu; horiei esker posible izango da enbrioietan anomalia kromosomikoak identifikatu eta diagnostikatzea hazteko erabiltzen den likidoa erabiliz eta biopsia saihestuz. Horregatik, orain arte inplantatu aurreko analisietan erabiltzen diren teknika guztien aldean, honako hau ez da hain erasokorra enbrioiarekiko.