

Biomedikuntzaren ikerketarako Eduardo Anitua Fundazioa sortu da Gasteizen, medikuntza birsortzailearen aurrerapenak helburu sozialetara bideratzeko. Eduardo Anitua BTI Biotechnology Institute enpresako zuzendari zientifikoa eta Fundazioko presidentea da eta berak sustatutako irabazi asmorik gabeko erakundearen xedea da ikerketa zientifikoa bultzatu, garatu eta zabaltzea.
Epe laburrean, erakunde berri horrek lau lan lerroren inguruan gauzatuko du bere jarduera: artikulazioen endekapenezko gaixotasunak; begietako lesioak, arreta berezia jarriz korneako ultzerei; azaleko ultzeren tratamendua; eta oin diabetikoaren patologiari lotutako arazoentzako laguntza.
Eduardo Anituaren arabera, fundazio berri hau “asistentziazko jarduerak sustatzeko sortu da, premia handienak dituzten kolektiboak biomedikuntzako azken aurrerapenekin tratatuak izan daitezen".
Gainera, bokazio sozial horri jarraituz, erakundearen bidez bultzatuko dira medikuntza birsortzaileari aplikatutako biomedikuntzaren ikerketa, erakundean lortutako aurrerapenen dibulgazio zientifikoa eta etorkizuneko profesionalentzako prestakuntza espezializatua.
Fundazioak urriaren 31n abiarazi zuen bere lehen jarduera, Traslaziozko Medikuntza Birsortzaileari buruzko nazioarteko lehen sinposioa antolatu baitzuen Gasteizko Europa Jauregian. Sinposio horretan medikuntza birsortzaileko nazioarteko adituak elkartu ziren.