


Eusko Jaurlaritzak eman dion ziurtagiri honen bidez, OWL Genomics konpainia bioteknologikoa esteatosia (gibel gantzatsuaren gaitza) eta esteatohepatitis ez-alkoholikoa (gibelaren hantura gantzatsua, alkoholaren kontsumoarekin zerikusirik ez duena eta zirrosi hepatikoaren funtsezko arrazoietako bat izan ohi dena) diagnostikatzeko zentro akreditatu bihurtu da. Ziurtagiri hori funtsezko urratsa da gibeleko bi gaitz horiek diagnostikatzeko lehen sistema merkaturatzeko. Bizkaiko Teknologi Parkean egoitza duen OWL Genomics enpresak garatu du sistema hori.
OWL Genomics-ek Bartzelonako Hospital Clinic-en lankidetzarekin eta gibeleko gaitzetan erreferente diren beste zentro batzuen laguntzarekin garatutako produktua, owl liver alegia, gaixotasuna zein fasetan dagoen zehazteko lehen in vitro diagnostiko metodoa da, eta odol analisi baten bidez egiten da. Metodo eraginkor eta ez inbaditzaile horren bidez, gaixoen aldizkako jarraipena egin daiteke, diagnostikorako proba inbaditzaileen konplikazioak eta kostuak saihestuz.
OWL Genomics 2002an sortu zen eta bere helburu nagusia da diagnostikoko markatzaileak eta diana terapeutikoak identifikatzea prebalentzia handiko gaixotasun konplexuetan, eta momentuz, gibelarekin lotutako gaixotasunetan zentratu da. Konpainiak aplikazio aitzindariak garatzen ditu medikuntza prebentiboaren arloan eta honexetan datza bere jarduera: diagnostiko goiztiarreko sistemak garatzen eta gibeleko gaitzak eta gaitz metabolikoak iragartzen, eta diana terapeutikoak identifikatzen tratamenduaren alternatiba on bat ez duten hainbat patologiarentzat.