

Ikerketa zentro, unibertsitate eta enpresen partzuergoak, CIC bioGUNE eta OWL Genomics buruan dutela, NAFLD gibel gantzatsu ez-alkoholikoaren gaitzaren diagnosi goiztiarra egiteko tresna berria garatu du, teknologia metabolomikoan oinarrituta. Iragan abuztuan argitaratu zuten ikerketa proiektua Journal of Proteome Research aldizkarian eta laster egongo da produktua merkatuan, OWL Genomics enpresak Espainian saltzen hasiko denean.
NAFLD gaixotasun progresiboa da. Batzuetan, gibelak gantza metatzea besterik ez da (esteatosia) baina beste batzuetan nekrosi eta hantura arazoak eragin ditzake, horien artean esteatohepatitis ez-alkoholikoa (NASH edo EHNA) larrienen artean, Estatu Batuetako eta Europako biztanleen % 24k duena. Zirrosiz edo kartzinoma hepatozelularrez (HCC) NAFLD gaitza dutenen arteko gutxik bakarrik gaixotzen badira ere, gero eta gizentasun gehiago dagoenez, gaixotasun larriago horiek ere gora egin dezakete eta horrek osasunarentzat arrisku handiagoa dakar. Horregatik, diagnosi goiztiarra funtsezkoa da NAFLD gaitza duten gaixoak antzemateko, gaixotasunaren progresioaren arriskua ebaluatzeko eta tratamenduaren aurkako erantzunaren jarraipena egiteko.
Gaur egun NAFLD antzemateko ultrasoinu eta erresonantzia magnetiko bidezko irudien teknikak eta gibelaren biopsien azterketa histologikoa erabiltzen dira gehienbat. Hala ere, irudi bidezko teknikak garestiak izaten dira eta ez dira oso zehatzak izaten(NASH eta esteatosi sinple bat ezin dira bereizi). Gibelaren biopsia, aldiz, teknika garestia da, inbasiboa eta prozedura subjektiboduna, arazoak eragin ditzakeena eta laginak lortzeko orduan akatsak izan ditzakeena.
OWL Genomics-ek eta bioGUNEk garatu duten metabolomikan oinarritutako odolaren analisiak esteatosia eta NASHa arteko ezberdintasunak antzematen ditu. “Odol analisien emaitzek NAFLDaren diagnosia egiten eta gaixoak tratamenduaren aurrean nolako erantzuna duen inguruan informatzen lagun diezaiekete osasunaren profesionalei”, dio José Mato irakasleak, CIC bioGUNEren zuzendaria. “Gure ustez, gibelaren edozein gaixotasunentzat biomarkagailuak izan daitezkeenak identifikatzeko erabil daitekeen odolaren profil metabolomikoa zehazteko hurbilketa esperimental berri baten lehen hurbilketa da. Gainera, nazioarteko ikerketaren adibide oso ona da”, adierazi du Matok.
Proiektuaren garapenean Frantziako hainbat erakundetako ikertzaileek hartu dute parte (INSERM, APHP Pitié Salpêtrière ospitalea, Pariseko Pierre eta Marie Curie Unibertsitatea, Nizako Ospitale Unibertsitarioa eta Nizako Sophia-Antiplois Unibertsitatea), eta baita Vanderbilt Unibertsitatea (Nashville, AEB), Hego Kaliforniako Unibertsitatea (Los Angeles, AEB), IDIBAPSeko Ospitale Klinikoa (Bartzelona) eta Alcala de Henareseko Unibertsitatea ere. Gainera, HEPADIP eta CIBERehd proiektuetan ere ari da parte hartzen eta Europako Batzordearen eta Espainiako Carlos III Osasun Institutuaren laguntza ere badu.