


Joan den urtarrilean Histocell euskal bioenpresak ArabHealth azokan parte hartu zuen, Ekialde Hurbilean egiten den medikuntza sektoreko hitzordurik garrantzitsuenean. Histocell-en lanak interes handia piztu zuen ekitaldira bertaratu zirenen artean, bere espezialitatearen izaera berritzaileagatik, zelulen terapia alegia. Teknika hau oraindik ez dago oso garatuta Arabiar Emirerri Batuetan, hots, ekitaldia ospatu zen herrialdean.
100 herrialde baino gehiagotako 2.300 erakusketari eta 50.000 lagun ostatatu zituen ArabHealth ekitaldia medikuntza eta osasunaren sektoreko mundu mailako azoka bat da, non ezagutzera ematen baitira medikuntzako azken teknologiak eta ikerketan iritsitako lorpenak.
Azken urteetan asko hazi dira bai kongresua eta baita erakusketa ere, eta beraz, osasun sektorea garatu egin da baliabide ugari dauzkan herrialde hartan. Honek hobekuntza nabarmena ekar dezake pertsonen bizi kalitatea hobetzeko ikerketan.
Hain zuzen ere, hortxe jar dezake bere aletxoa Histocell-ek. Hitzordu honek aukera eman zion euskal bioenpresari harremanak egiteko eta garapen betean dagoen herrialde honek eskain ditzakeen aukerak aztertzeko. Histocell-ek FENINek koordinatutako pabilioi espainiarrean parte hartu zuen medikuntza birsortzailerako Terapia Aurreratuko zerbitzuen banatzaile bezala, eta gure herrialdean punta-puntako enpresa baten esperientzia behar duten lankide-gaiak bilatu zituen.
Histocell-ek 540 m2ko instalakuntzak dauzka Bizkaiko Parke Teknologikoan, eta baita ere 65 m2ko areto zuri baimendu bat. Baimen hori lortzen duen Estatuko bigarren enpresa da, eta horri esker Europar Batasunean baimenduta dauden zelulen terapiarako botikak fabrikatu ahal izango ditu hirugarrenentzat.