

Bioteknologian aritzen den Histocell euskal enpresak, medikuntza birsortzailerako zelula bidezko terapian espezialista denak, lankidetza akordio bat lortu du NEURON Bph-rekin, zeinak Alzheimerra bezalako endekapenezko gaixotasun neurologikoen prebentzioan eta tratamenduan lan egiten duen. Akordioaren helburua da elkarrekin garatzea Alzheimerraren aurkako botikentzako in vitro test zehatz bat.
Akordio honi esker, mundu osoan bakarra den kit ready to use edo erabiltzeko prest dagoen kita lortuko dute, industria farmazeutikoak Alzheimerrari aurka egiteko botiken eraginkortasuna frogatu dezan, eta horrela, baliorik ez dutenak baztertu ahal izango dira, aurretik animalietan probatu beharrik gabe.
Bi enpresa hauen arteko aliantzak bere baitan hartzen ditu produktuaren garapena eta amaierako baliozkotzea, eta baita ere industria farmazeutikoan merkaturatzea.
Histocell bioteknologian aritzen den enpresa da eta Noray BG (Noray Biosciences Group) euskal enpresa taldearen barruan dago 2006tik. Egoitza nagusia Derioko Bizkaiko Teknologi Parkean daukan konpainia honek kontratu ugari dauzka enpresa farmazeutikoekin, eta nazioarteko bi patente eskatuta dituelarik, laster hirugarren bat ere eska lezake, urtearen amaiera aldera. Honi guztiari esker, Histolcell-ek 4,5 milioi euroko fakturazioa izango du 2011. urtean.
Bere aldetik, NEURON BPh 2005ean fundatutako enpresa da, eta bere egoitza Granadako Zientzia eta Osasunaren Teknologi Parkean dago. Konpainia, esan bezala, endekapenezko gaixotasun neurologikoen prebentzio eta tratamenduan espezializatuta dago, eta bere inbertsore pribatuen artean Alzheimer Gaixoen Senideen Elkartea eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoa daude.