SPRIren logotipoa
  • Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
  • BioBasqueeko erabiltzaileak
SPRI
Eusko Jaurlaritza
Irudi Apaingarria

Histocell enpresak prestigio handiko bazkide berriak hartuko ditu eta 3 milioi handituko du bere kapitala

Abenduak 23, 2009

Histocell

Terapia zelularraren esparruan diharduen EAEko Histocell enpresa bioteknologikoak hiru milioi euroko kapital zabalkuntza egin du 2009ko bigarren seihilekoaren amaieran, eta kapital zabalkuntza horri esker, I+G garapenak indartu ahal izango ditu datozen lau urteetan.

Histocell enpresaren bazkide berriek, diru-ekarpen handia egiteaz gain, balio erantsia emango diote konpainiari, izan ere osasun eta biofarmazeutika sektoreetako konpainia entzutetsuak dira eta gainera esperientzia zabala daukate Espainiako enpresen eta finantzen munduan. “Gure eskaintzak harrera ona izan du eta horri esker ikusi ahal izan dugu Histocell enpresak babesa eta konfiantza sortzen duela Espainiako biofarmazeutikaren sektoreko enpresarien eta enpresen artean”, nabarmendu du Julio Font, Noray Biosciences Group (Noray BG) taldeko presidenteak (Histocell talde horretan integratuta dago).

Akziodun berrien artean aipatzekoak dira, lehenik eta behin, Igualatorio Médico Quirúrgico (IMQ). Histocell enpresako akziodun eginez, IMQk erakusten du eragile aktibo izan nahi duela osasunarekin eta mendekotasunarekin lotutako sektoreetan eta, zehazki, kasu honetan euskal bioteknologiaren aldeko apustu sendoa egin du; horrezaz gain, nabarmentzekoak dira SPRIko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa eta enpresa zein finantzen arloetako inbertsiogile pribatuak ere, esaterako, Erictel taldea edo Mikel Urizarbarrena, Panda Software enpresako fundatzailea. Akziodun berriek enpresako kapital sozialaren %23,8 hartuko dute eta, beraz, konpainiaren gehiengoak Noray BG taldearen esku jarraituko du.

Histocell enpresako kudeatzaileek kanpoko laguntzarik gabe gauzatu dute zabalkuntza prozesu guztia, eta akziodun garrantzitsu horiek eta beste batzuk sartu nahi izan dituzte enpresan, kapitalaz gain, balio erantsia emateko konpainiari. Julio Font, Noray BG taldeko presidenteak dio “bazkideak konpainian sartu direla epe ertain eta luzean I+G garatzen laguntzeko”. “Gure helburua da hezurrak eta artikulazioak birsortzeko garatzen ari garen produktu bi fase klinikoetara eramatea”, ziurtatu du.

Noray BG taldeko parte den Histocell enpresa bioteknologikoa ehunen ingeniaritzan eta terapia zelularrean espezializatuta dago, gero teknika horiek medikuntza birsortzailean aplikatzeko. Diziplina berri horrek iraultza ekarriko du egungo osasungintza sektorera, izan ere tratamendu eta terapia berritzaileak garatzea ahalbidetuko du eta horiei esker ordezkatu egin ahal izango dira endekapenezko gaixotasunen ondorioz edo egun tratamendu eraginkorrik ez daukaten lesio traumatikoek eraginda kaltetutako ehunak.

Azken bi urteetan 2,5 M€ko inbertsioa metatu du Histocell-ek, eta terapia zelular aurreratuan jarduteko Espainiako Medikamenduen Agentziak baimendutako instalakuntzak dauzkan Espainiako bi enpresetako bat da. Gainera, Eusko Jaurlaritzak baimendutako ehun-establezimendua eta horrelako prozedurak egiteko osasun zentroa da. Halaber, akordio egonkorrak dauzka hainbat medikurekin laginak hornitzeko, batzorde etikoek onartutako ikerketak egiten ditu, jabetza intelektuala eta zentroan bertan garatutako produktuak dauzka, ehunen ingeniaritzarako goi-mailako prestakuntzadun langileak ditu eta merkaturako orientazio argia daukan eta bazkide fundatzaileengandik independentea den talde kudeatzailea ere bai.