• Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
  • BioBasqueeko erabiltzaileak
Gobierno Vasco Spri
Irudi Apaingarria

Donostia Ospitaleak modu bat aurkitu du esklerosi anizkoitzaren diagnostiko goiztiarra egiteko

Urriak 8, 2009

David Otaegui
David Otaegui doctorea

Donostia Ospitaleko Esklerosi Anizkoitzaren Unitateko ikertzaileek, Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHUko bioinformatika talde batekin elkarlanean (Sistema Adimendunak), azterketa bat argitaratu dute Public Library of Science (PLoS One) aldizkarian. Azterketa horrek lehen aldiz erlazionatu ditu mikroRNA deituriko molekula batzuen adierazpen patroiak esklerosi anizkoitzarekin. Aurkikuntza horri esker diagnostikorako tresna berri bat sor liteke, eta horretarako, Europako patente bat eskatu dute.

Esklerosi anizkoitza nerbio-sistema zentralari eragiten dion neuroendekapenezko patologia bat da, ez du jatorri ezagunik eta ezta ere sendabiderik. 100.000 lagunetik 75 laguni eragiten die (Euskadin 2.000 kasutik gora egon daitezke) eta, batik bat, gazteak diren helduei. Epilepsiaren ondoren, bigarren gaixotasun neurologiko ohikoena da.

Ikerketak 384 mikroRNA aztertu ditu hiru pertsona taldetan: esklerosi anizkoitzaren agerraldi akutuak zituzten pazienteetan, agerraldirik gabe gaixotasuna pairatzen zuten pazienteetan, eta, pertsona osasuntsuetan (kontrol talde gisa).

Oteguik, azterketaren zuzendariak, hauxe esan du: “Ikusi dugu 10 mikroRNA desberdin konbinatzeak gaixotasunaren presentzia bereizten lagun dezakeela. Aurrerapen handia da”, izan ere, horrek ate bat irekitzen baitio “diana terapeutiko berriak eta odoleko biomarkatzaile posible bat garatzeko aukerari, horrela egungo tresna diagnostikoak osatuko liratekeelarik. Biomarkatzailearen bidez jakingo litzateke zein pertsonak garatu duten gaixotasuna eta zein unetan pairatzen duen edo pairatu duen krisi bat. Horrela, gaixotasuna prebenituko litzateke eta eskuragarri dauden tratamenduak sasoiz aplikatuko lirateke eta, beraz, modu eraginkorragoan”. Gainera, azterketak “ gaixotasuna ulertzen laguntzen die ikertzaileei, eta gaixotasuna hobeto ulertzen badugu, egungo terapiak hobetu ahal izango ditugu”.

Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna eusko fundazioa, BIOEF Euskadiko osasun publikoan garatutako ikerketatik eratorritako jabetza intelektual eta industrialaren eskubideak kudeatzen ditu. Orain, fundazioak patente eskaera bat aurkeztu du aurkikuntzen aplikazio komertzialaren garapena eta emaitzak babesteko. Aplikazio hori "gaixotasunaren diagnostikorako kit bezala" gauzatuko litzateke “hiru eta bost urte bitarteko epean”.

Ikerketa hau hainbat ikertzaileren lanaren emaitza da: azken bi urteotan Otaegui doktorearen laborategian (Haritz Irizar eta Maider Muñoz doktoregaiekin) egindako lanarena eta Javier Olascoaga neurologoak zuzendutako ikerketa klinikoarena, non parte hartu baitute Adolfo López de Munain neurologoak eta Álvaro Prada immunologoak (guztiek Donostia Ospitalean) eta, baita ere, Iñaki Inza eta José Antonio Lozano ikertzaileek (UPV/EHUko Adimen Artifizialeko taldeko kideak). Gaur egun, ikertzaileak azterketa errepikatzen ari dira lortutako ondorioak (baliozkotzea) egiaztatzeko baina oraingoan norbanako talde handiago bat ikertuko dute, eta horien emaitzak 2010. urte erdialderako espero dira.