


Galdakaoko Ospitaleko ikertzaileek eta UPV/EHUko zientzialariek osatutako diziplina anitzeko talde batek burutu duen minbizi kolorrektalean hipertermia magnetikoari buruzko ikerketa batek Austrian, martxoaren hasieran jaso zuen “European Congress of Radiology” saria.
Eusko Jaurlaritzaren SAIOTEK eta Zientzia eta Berrikuntzako Ministerioaren Carlos III Institutuak finantzatutako lanak minbiziaren aurka nanopartikula magnetikoen bitartez hipertermia aplikatzea aztertzen du. Oraindik ere nahikoa aztertu ez bada ere, gaur egun erabiltzen diren tratamenduak baino merkeagoa eta leunagoa dela ikusi da, kirurgia, kimioterapia edo erradioterapia baino, alegia.
Ikerketa burutzen ari den diziplina anitzeko taldean Galdakaoko Ospitaleko Erradiodiagnostikoko Zerbitzuko ikertzaileek hartzen dute parte, José Javier Echevarría doktoreak zuzenduta eta baita honako zentroetakoek ere: Osatek, Eusko Jaurlaritzaren irudi bidezko diagnosi eremuko erakunde publikoa; EHUko Kirurgia Esperimentaleko Laborategikoak eta baita Unibertsitate bereko Zientzia eta Teknologia fakultateko Elektrizitate eta Elektronika, Kimika ez-organikoa eta Kimika Analitikokoek ere.
Mendebaldeko herrialdeetan prozesu neoplasiko ohikoenen artean dago minbizi kolorrektala. Minbizi hori, gainera, gaixo askotan konplikatu egiten da eta gibelera hedatzen da, non metastasia eragin ohi duen. Egun, metastasiaren aurka aukeratzen den tratamendua ebakuntza bidez kentzea da. Baina, hainbat arrazoirengatik, kendu daitekeen metastasia duten pertsonak ez dira gaixotasun hori dutenen % 30 baino gehiago izaten.
Euskal ikerketa talde horrek, burdina oxidozko 10 nm-ko nanopartikula magnetikoen eta erabilera medikoko iodoa daraman olioaren nahaste batean oinarritutako fluido magnetikoa sortu du. Fluido horrek beroa ematen duenez eta arterien barrutik eman daitekeenez, kentzerik ez dauden gibeleko metastasietan erabiltzeko aukera ari dira aztertzen ikertzaileek. Animalietan aztertu den ereduaren bitartez –gibeleko metastasia eragin zaien laborategiko arratoietan-, magnetofluidoaren banaketa aztertu dute ikertzaileek gibela osasuntsuko adar baskularretatik eta koloneko minbizia duten gibeleko metastasikoetan, garapeneko hainbat etapatan, Erresonantzia Magnetiko (RM) eta ICP Espektrometria bitartez.
Espektrometria eta RM irudien bitartez egindako tumore-lesioetan ikusi den burdina edukia zehazteak tumorearen eboluzio-mailaren arabera baskularizazioa desberdina dela ikusi da. Eboluzionatutako metastasiek ez omen dute, oro har, magnetofluidoa erakartzen. Tamaina txikiagokoek, aldiz, asko. Ondorioz, tumorearen tamaina areagotzean baskularizazioa areagotzen ez dela ikusi da. Horrek, baskularizazio eskasa duten zonak eragiten ditu tumoreetan. Arteria barruko tumoreen aurkako tratamenduen erabilera muga dezake horrek.
Echevarria doktorearen esanetan: “oso interesgarria izan daiteke tumorean terapia termikoa erabiltzea bi arrazoirengatik: batetik, beroak eragin toxikoa du ehun neoplasikoan, eta bestetik, hipertermiak erradioterapia edo kimioterapia tratamenduen aurrean zelulak hauskorragoak bihurtzea eragiten du”. “Arteria barruko termoterapia, beraz, erabilgarria izan daiteke berez eta beste tratamendu batzuekin batera. Horregatik, tumoreen aurkako sendagai terapeutikoen artean sartzeari zuzendutako ikerketetan sar dezakegu”, dio.
Bestetik, Fernando Plazaolak dio, EHUko Fisika Aplikatuko katedradunak, Austrian lortutako saria “elkarlana saritzen duen ordaina" dela, “unibertsitateko, osasun sistemako eta industria ehuneko beste hainbat agentek osatutako ikertzaileen diziplina anitzeko taldeek egiten dutena”.