SPRIren logotipoa
  • Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
  • BioBasqueeko erabiltzaileak
SPRI
Eusko Jaurlaritza
Irudi Apaingarria

Donostia Ospitaleak Alzeheimerraren aurkako nazioarteko saiakuntza kliniko batean parte hartzen du

Ekainak 22, 2009

Emakume zahar bat

Donostia Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko Nahaste Kognitiboen Unitatea Alzheimerraren inguruko nazioarteko saiakuntza kliniko batean parte hartzen ari da Espainiako 17 ospitalerekin eta Europako eta Ipar Amerikako hainbat zentrorekin batera. Ekainean hasiko dira medikamentu berriarekin saiakuntzak egiten. Medikamentu hori zelula ama bakar batetik eratorritako antigorputz monoklonal bat da, zeinak gaixotasuna sortzen duten amiloide deposituei erasotzen baitie. Amiloidea, funtsean, proteina batek osatutako substantzia bat da.

Adolfo López de Munain ikertzaileak zuzentzen duen Donostia Ospitaleko ikerketa taldean neurologoak, neuropsikologoak, neuroerradiologoak eta biologoak daude. Taldearen zeregina izango da, batetik, tratamendua behar bezala aplikatzen dela zaintzea, eta, bestetik, hurrengo bi urtetan ager daitezkeen arazoak aztertzea.

Saiakuntzaren helburua da frogatzea pazienteei emandako antigorputzak pazientearen garunean ezartzen joan diren amiloide-proteina plakak «garbitzen» dituela, plaka horiek narriadura kognitiboa (Alzheimerraren bereizgarri dena) eragiten duen funtzio neuronalean interferitzen baitute.

Medikamentu berria eskala txikiko beste azterketa batzuetan probatu da eta, orain, nazioartean probatu nahi da bere eraginkortasuna eta segurtasuna zehazteko, Alzheimerra duten gaixoei eman aurretik.