


Gasteizko Santiago Ospitaleko Osasun Mentalaren Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroak (CIBERSAM) egin duen ikerketa baten arabera, kanabisak burmuinean eragindako kalteak atzeragarriak dira epe ertainera. Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Eusko Fundazioarekin (BIOEF) elkarlanean egindako lan hori joan den azaroan argitaratu zen Schizophrenia Bulletin-en, eskizofreniari buruzko munduko aldizkari zientifiko ospetsuenean.
Ana González-Pinto doktoreak zuzendutako ikertzaile taldeak zortzi hilabetez aztertu ditu kanabisaren kontsumoak nahasmen psikotikoak dituzten gazteen burmuinean dituen ondorioak. Ikerketak jakinarazi du lehen psikosi gertakari baten ostean kanabisa kontsumitzeari uztea lortzen duten gazteek “hobekuntza nabariak dituztela epe ertainera, ez motzera”; kanabisa erretzen jarraitzen badute, aldiz, “eboluzio kaltegarria dute”.
Emaitza horiek garrantzitsuak dira, zeren gai horri buruz egin diren aurreko ikerketak oso pesimistak izan baitira beti, kanabisak burmuinean eragindako kaltea atzeraezina zela pentsatu izan baita.
Beraz, Santiago ospitaleak burututako ikerketa hau “kaltearen teoriaren” alde dago, baina argitzen du “atzeragarria dela epe ertainera, hots, bost eta zortzi urtera”. Hala ere, argi eta garbi dio “kanabisaren kontsumo jarraitua orain arte uste zena baina askoz txarragoa dela psikosia duten gaixoen osasun mentalarentzat”.
Gasteizko Santiago Ospitalean ingresaturiko lehen psikosi gertakariak dituzten gaixo talde batekin egin da ikerketarako lagina. Santiago Ospitalea da 300.000 biztanleko zonalde batean mota honetako gaixoak hartzen dituen erreferentziazko ospitale bakarra.