

IDOKI SCF Technologies euskal enpresak sektore farmazeutikoari zuzendutako hainbat produktu aurkeztu ditu, fluido superkritikoen teknologian burutu dituen ikerketen ondorio. IDOKI produktuak, egoitza Bizkaiko Parke Teknologikoan dutenak, lehengai naturalen printzipio aktiboak identifikatzean oinarritzen dira. Hortik abiatuta, IDOKI haiek ateratzeko, purifikatzeko eta formulazioetan barneratzeko moduak ari da ikertzen, goi kalitateko lehengaiak bilatuz eta formula berriak garatuz.
Horretarako, IDOKIk produktuak aztertzeko eta bere jarduera ebaluatzeko baliabideak ditu, kimika analitikoko eta mikrobiologikoko sailei esker. IDOKIk hiru ildo nagusitan burutzen ditu ikerketak: industri aplikazioak, nekazal elikadura eta galenikoa. Azken horretan, hainbat lerrotan egiten du lan, dermatologikoan, non hainbat produktu dituen merkatuan, ginekologikoa eta digestiboa, non produktuak garatzen ari den.
Bere tenperatura eta presio kritikoen gainetik dagoena da konposatuaren egoera superkritikoa. Egoera horretan, fluidoa gas egoeraren eta likido egoeraren artean dago, beraz, matrize solidoetan sartzeko ahalmen handia du, gasak duenaren antzerakoa, eta konposatuak disolbatzekoa ere, likidoek dutenaren antzerakoa. Ondorioz, fluido superkritikoak ateratzeko agente bikainak dira, eta haiei esker, purutasun maila eta kontzentrazio handiko estraktuak atera daitezke. Bestetik, karbono dioxido superkritikoarekin “% 0 disolbatzailea” duten estraktuak atera daitezke eta, aldi berean, konposatu termolerrakorrekin lan egitea ahalbidetzen du, tenperatura baxuetan gertatzen baita hori.
Are zehatzago, merkatura IDOKI izenarekin atera dituzten produktu naturalen eta ekologikoen sorta “osasun optimo” kontzeptuaren barruan dago, eta haren helburua gorputzaren bizi-funtzioak modu eraginkorragoan eta ahalik eta errespetu handienez sendotzea da.
Produktuen garapenaz gain, IDOKIren jardueren beste eremu bat ezagutzaren sorrera da eta horretarako hainbat ikerketa proiektutan egiten du elkarlana, beste enpresekin edo beste ikerketa zentro publikoekin zein pribatuekin batera.