

IK4 Aliantza Teknologikoak garatutako gailu eramangarri bat, klamidia, giza papilomaren birusa (umetokiaren minbizia eragiten duena) eta sexu-transmisioko beste hainbat gaixotasun ordu erdian baino gutxiagoan hautemateko gai dena, Indian salduko dute 2010an halako gaixotasunak diagnostikatzeko helburuarekin.
1.198 milioi biztanle ditu Indiak eta horietatik 82,5 milioi pertsonak baino gehiagok gaixotasun hori dutela uste da. Klamidia da gehien kezkatzen duen gaixotasun horietariko bat, kasuen % 90ean isilean egon ohi dena, sexu-harremanetan transmititzen dena eta emakumeengan bakarrik eragina duena. Europan ere klamidiak badu bere eragina eta burmuinean eragina izan dezake, itsutu eta abortuak, erditze goiztiarrak edo mintzen haustura goiztiarrak ere eragin ditzake, eta faktore garrantzitsua da haurren gaixotze-tasa altuan eta ugalkortasun ezan.
IK4 GAIKERrek eta IKERLANek garatu duten diagnosi azkarra egiteko eta koste baxuko gailuak Sexu-transmisioko Gaixotasunak (STG) edo beste agente infekziosoak egun dauden kultibo mikrobiologikoko edo hautemate molekularreko sistemek baino azkarrago hautematea ahalbidetuko du. Garapen teknologiko honek ez du laborategi baten azpiegitura behar, eta lagin klinikoetatik abiatuz hautemateko teknika konplexuak burutzen ditu. Gainera, egun dauden beste teknika azkarrak baino eraginkorragoa eta errentagarriagoa da.
Garatutako produktua merkatura aterako duen Globionic Technology enpresak hainbat argitalpen zientifikoren eta espezializaturen bitartez ezagutu du gailua. Iragan maiatzean, enpresa honen delegazio bat IK4 zentroetara hurbildu zen garapen teknologikoa zuzenean ezagutzeko eta hura Indian oso hedatua dagoen STG gizarte arazoari aurre egiteko erabiltzeko aukera aztertzeko. Bisitaldian, sistema horren bidez gorozkietan salmonella nola hautematen den ikusi zuten. Izan ere, garapen berri honen hasierako lana patogeno hori hautematea izan zen.
Nola dabilen egiaztatu ondoren, biek hitzarmena sinatu zuten Indiako delegazioak plataformaren prototipoa jaso eta STGak hautemateko gailua Delhiko Unibertsitatean egokitzeko. Egokitzapen horri esker, biologia molekularrarekin zerikusia duen edozein gaixotasun diagnostikatu ahal izango da, STG barne. Bien bitartean, IK4 zentroak merkatura ateratzeko ari dira gailu eramangarria garatzen.