


Innoprot enpresak saiakuntza berri bat garatu du Alzheimer gaixotasunean parte hartzen duten bi entzimen inhibitzaileak ebaluatzeko. Zelula-talde batean dago oinarrituta saiakuntza eta, aurten merkatura atera denez, zelula bizidunetan entzima horien jarduera monitorizatzea ahalbidetzen duen merkatuko produktu bakarra bilakatu da. Gaitasun horri esker, sendagai berriak garatzeko hainbat konposatuk duten inhibitzeko gaitasuna kuantifikatu ahal izango da.
Alzheimer gaixotasunaren ezaugarri nagusia da burmuinean beta amiloide (bA) peptidoa metatzen dela. Amiloidearen aitzindaria (APP) den proteina digeritzean sortzen da bA peptidoa. Baina gaixotasuna eragiten duen beta amiloidea prozesatzen duten bi entzimen jarduera (beta “eta” gamma – sekretasak) inhibitu daiteke eta konposatu horiek bilatzea oso interesgarria izan daiteke industria farmazeutikorako.
Innoprotek burutu duen saiakuntza zelula talde batean eta fluoreszentzia konposatu inhibitzaile berriak ebaluatzeko erabiltzean dago oinarrituta. Saiakuntzarekin, konposatuen gaitasun inhibitzailea kuantifikatu daiteke, zelulen zitoplasman besikula fluoreszenteak agertzen baitira, gehiago edo gutxiago izango direnak konposatuaren inhibizio maila handiagoa edo txikiagoa denaren arabera.
High-Content aplikazioetarako dago diseinatuta, sendagaien ebaluazioan zelula bizidunetan ehunka edo milaka konposaturen artean hautaketa egitea ahalbidetzen duena.
Innoprotek orain gutxi aurkeztu du bere garapen berria High Content Screening Biomolekularreko Elkartearen urteroko konferentzian, apirilaren 11 eta 15 bitartean, Phoenixen (AEB), ospatu dena. Bezeroak izan daitezkeen hainbat enpresa farmazeutikorekin egin zituen bilerak, horien artean, Pfizer, Merck, Sanofi-Aventis edo Bayer.
Innoprotek, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) spin-offa, eta egoitza Bizkaiko Parke Teknologikoan duena, zelula sistemak In vitro hornitzen ditu sendagaiak aurkitu eta garatzeko saiakuntzak burutzeko, DNA errekonbinantearen, interferentziako RNA eta proteinen arteko interakzioaren teknologien bitartez.
Gainera, konpainia farmazeutikoen eta bioteknologikoen konposatuen screening lanak errazten eta bizkortzen ere laguntzen du konpainiak, neurrira egindako saiakuntzen garapen zerbitzuen bitartez, High Throughput Screening (HTS) edo High Content Analysis (HCA) saiakuntzen bitartez.