


Mondragon Healthek, Koniker zentro teknologikoak eta Kutxaren Onkologikoak beraien gaitasunak bateratzeko eta gaixoentzako sendagaiak prestatzeko prozesua modu eraginkorragoan kudeatzeko akordioa sinatu berri dute.
Esparru hitzarmena substantzia farmakologikoak manipulatu eta dosifikatzeko eremuan hobetzeko aukerak aztertzeari dago zuzenduta. Era berean, sendagaien prestakuntza eta banatze prozesuetan aukera berriak aztertu nahi dira. Azken finean, osasun sektoreari irtenbide berritzaileak ekarriko dizkien balio handiko proposamenak aztertzea da helburua.
Erakundeen arteko elkarlanaren lehen urratsa da hitzarmena, eta horrez gain, merkatu, banatzaile eta bezero berriak identifikatzeaz ere arduratuko da.
Onkologikoa, Kutxaren Institutu Onkologikoa, minbiziaren prebentziorako, diagnosirako eta tratamendurako Zentro monografikoa da. Hainbat arloko 300 profesional baino gehiagok ematen diete gaixoei tratu pertsonalizatua, eta haiei plan terapeutiko egokiena eskaintzen diete, nazioarteko mailan puntako teknologian eta onkologian adituak diren profesionalei esker.
Bestetik, Mondragon Health-ek, Mondragon Korporaziokoa, osasunaren sektorearekin lotuta dauden jarduera berriak sustatzen ditu, eta Koniker enpresen berrikuntza gaitasuna eta balioaren sorrera indartzeari zuzendutako ikerketa teknologikoko zentroa da, sektore berriak eta oinarri teknologikoa duten jarduerak sustatzen dituena.