

UPV/EHUko ikertzaileek Alzheimer gaixotasunarekin lotuta dagoen beste mekanismo bat aurkitu dute, zeinaren bitartez gaixotasunaren aurkako terapia berriak garatu ahal izango diren. Orain gutxi argitaratu du Cell Calcium aldizkariak ikerketa, eta haren egileek aurkikuntza berriaren salmenta babesteko europar patentea eskatu dute dagoeneko.
Alzheimerraren agente patogeniko nagusia den amiloide peptidoak neuronen heriotza eragiten dutela jakitean dago berria. Euskal ikertzaileek ikusi dutenez, peptidoak gehiegizko kitzikapenaren ondorioz zelulak hiltzen dituzten errezeptoreak aktibatzen ditu eta errezeptore horiek sendagai zehatzekin blokeatzen direnean, neuronak peptidoen eragin hilkorretatik babesten dira. Aurkikuntza oso interesgarria da Alzheimer gaixotasunaren garapena mantsotzen duten terapia berriak garatzeko.
Carlos Matute doktoreak zuzendu du ikerketa, Neurotek ikerketa zentroko zuzendaria eta EHUko Neurozientzien Saileko Neurobiologiako Laborategiko Arduraduna. Alzheimerra edo esklerosi anizkoitza bezalako gaixotasun neurodegeneratiboen oinarri molekularrak eta zelularrak aztertzen ditu Matuteren taldeak. Are zehatzago, nerbio sisteman zelulen heriotza nola gertatzen den aztertzen du zelula-kulturak, animali esperimentalak, gaixotasun horien ondorioz hildako gizakien burmuinak eta bizirik dauden gaixoen burmuinak baliatuz.
Dagoeneko hainbat patente sortu dituen taldeak gaixotasun horiek garaiz diagnostikatzeko markagailuak ere aurkitu nahi ditu.