

Mungiako Analítica Veterinaria Mungivet enpresa (laborategian animalien gaixotasunen diagnostikoak egiten dituena, besteak beste) diagnostiko sistema berri bat garatzen ari da Gaiker-IK4 zentro teknologikoarekin eta Lorra-rekin batera (Bizkaiko nekazaritza eta abeltzaintzako kooperatiba eta elkarteak biltzen dituen zerbitzu konpainia). Sistema berriak nabarmen hobetzen ditu C. abortus eta C. burnetii (hausnarkari txikien abortuen eragile nagusiak) diagnostikatzeko orain arte zeuden sistemak.
C. abortus eta C. burnetii bakteriek izaera zoonotikoa daukate eta oso erraz transmititzen dira aerosolen bitartez. Horregatik, gizakia oso erraz kutsatu daiteke. Izan ere, C. burnetii-a da Q Sukarra izeneko gaixotasunaren eragilea, zeinak infekzio larriak eragin ditzakeen gizakiaren bihotzaren balbuletan.
Abeltzainen kezka nagusia hauxe da: ez dagoela diagnostikoak azkar eta modu fidagarrian egiteko ekonomikoki eskuragarria den teknikarik. Garatzen ari diren sistema honek sei ordu baino gutxiagotan diagnostikatuko ditu aldi berean bi infekzioak. Horri esker, nabarmen gutxituko da kutsatutako animaliaren eta beste animalien arteko kutsadura arriskua, eta egungo diagnostiko sistemak baino merkeagoa izango da gainera.
Era berean, sistema berri honekin ADNa lortu daiteke kutsatuta egon daitezkeen plazenta edota bagina jariakinen bidez, ondoren eragile kutsatzaileen antzemate espezifikoa eta aldi berekoa egiteko Multiplex-qPCR teknikaren bitartez.